[BIDEOA] Aitor Ajuriak eta Oskar Urkiolak desafioa dute zapatuan Otxandiotik Oriolera joan-etorria nork arinago egin

Joseba Derteano 2019ko urr. 10a, 14:50

Herrian zeresana ematen ari den desafio baten baten lekuko izango da zapatuan Otxandio. Aitor Ajuria (Otxandio, 1998) korrikalaria eta Oskar Urkiola (Leioa, 1995) txirrindulari ohia dira protagonistak. Desafioa honako hau da: Otxandioko plazatik 11:00etan irtenda, Oriol mendi tontorrerako joan-etorria nork arinago egin.

Desafioak bere berezitasunak ditu. Aitor Ajuria urterik urtera bere maila hobetzen ari den korrikalaria da. Aurtengo otsailean Euskal Mendi Federazioak sari bat eman zion bere urteroko galan 2018an egindako lanaren aitortza moduan. Oskar Urkiola, berriz, txirrindulari ohia da. Orain urte bi utzi zuen bizikleta Cafés Baqué taldean lau urte eman ostean. Beraz, desafioa errealitate horretara moldatu dute, ahalik eta parekoena izan dadin. Ajuriak korrika egingo du joan-etorri osoa. Urkiolak, aldiz, Oletara arteko bidea, noranzko batean zein bestean, bizikletan egingo du. Horren gainera, Urkiolak arineketan egin beharreko tarte osoan Mikel Sanchez korrikalariaren laguntza izango du erritmoa markatzeko.

Desafioaren sorrera, santamaña jaietan

Urkiolak aitaren aldetiko sendia otxandiarra du, beraz sarritan egoten da Otxandion eta aspalditik ezagutzen du Ajuria. Lagunak dira. Eta lagunarteko solasaldi batean irten zen apustuaren ideia. "Santamaña jaietan izan zen. Bata bestea baino burugogorragoak gara eta gainera gure inguruko jendea bataren edo bestearen alde jartzen hasi zen. Orduan okurritu zitzaigun  desafioarena", adierazi du Ajuriak.

Harrezkero herrian bolo-bolo dabilen gaia dela diote eta dema iragartzen duten kartelak ere atera dituzte. "Biok irabazi gura dugu desafioa, baina inportanteena herrian sortzen dabilen giroa da. Goiz entretenigarri bat eskaintzea da helburua", azaldu du Urkiolak. 

Biak desafioa irabazteko entrenatzen dabiltza. Joan zen aste amaieran, Ajuriaren denborarengatik minutu batera zegoen Urkiola. "Errekuperatu dezakedan denbora dela uste dut. Hori, jakina, Aitorrek egia esan baldin badit bere denboraren inguruan", azaldu du Urkiolak. Ajuriaren esanetan, "esan diodan dena egia da, baina egiaren bat ere gorde dut niretzako". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!