Otxandioko bertso eskolakoak balkoirik balkoi ibiliko dira bertsotan gaur Artekalen

Joseba Derteano 2019ko ira. 13a, 10:00

Iazko argazkia

Otxandioko bertso eskolakoek bertso saio ibiltari bategaz hasiko dute ikasturtea, gaur.

Aurten, hirugarren aldia egingo du. Aurreko bietan, Artekale kaleko tabernetan aritu izan dira bertsotan. Aurten, eszenatokia aldatu dute. Tabernarik taberna ibili beharrean, balkoirik balkoi ibiliko dira, 20:00etan Andikona plazan hasi eta gaztetxe ingurura heldu arte. Honako bertsolariek parte hartuko dute: Nerea Ibarzabal, Xabi Igoa eta Peru Abarrategik. Bidean "hainbat sorpresa" izango direla aurreratu dute bertso eskolako kideek.

Ikasturte hasiera
Otxandioko bertso eskola 2017/2018  ikasturteari begira sortu zuten. Orduan, nagusien talde bategaz ekin zioten ibilbideari. Iazko bigarren ikasturtean, nagusienagaz gainera, umeen talde bat ere sortu zuten. Aurten, 2019/2020 ikasturtearen atarian, umeentzako bigarren talde bat sortzea dute helburu. Lehen Hezkuntzako 1-4 mailen arteko umeek osatuko lukete talde bat, eta Lehenengo Hezkuntzako bosgarren mailakoek eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailakoek bigarrena. Hori errealitate bihurtzeko lanean dabiltza egunotan. Asmoa gauzatuko balitz, Otxandioko bertso eskolak hiru taldegaz hasiko luke aurtengo ikasturtea datorren urritik aurrera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!