“Anakroniko berbak ondo definitzen du bizi dugun egoera”

Joseba Derteano 2019ko ira. 13a, 09:00
Argazkia: Lehior Elorriaga

Egoitz Lopez de Lacalle 2014an atxilotu zuten, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko Bitartekari Taldekoen kontrako sarekadan. Bost urte geroago, hastear dago orduko sarekadan eta beste batzuetan atxilotutako 47 euskal herritarren kontrako epaiketa. Lopez de Lacalleri erakunde terrorista batean parte hartzea egozten diote eta 12 urteko kartzela zigor eskaerari aurre egin behar dio, besteak beste. Auzipetu guztiak kontuan hartuta, 601 urteko kartzela zigorra dago jokoan.

Bost urte joan dira atxilotu zintuztenetik. Zer animogaz heltzen zara epaiketaren atarira?
Bost urte hauetan gertatutakoa plano bitan bereiztu daiteke. Plano politikoan gauza asko gertatu dira harrezkero. Gure atxiloketak testuinguru konkretu batean izan ziren, gatazkaren konponbidearen hastapenetan geundela, oraindik ez zegoenean argi zer norabidetan joango zen. Ordutik hona, pausoak eman dira. Korapilo batzuk askatu dira eta beste batzuek oraindino badiraute. Tamalez, guri eragiten zigun korapiloak konpondu barik jarraitzen du oraindino. Arlo horretan ere, ordutik hona gauzak gertatu diren arren, presoen egoera ez dago konponduta. Konponbidean behar zuena konpondu barik egotea apur bat etsipenez bizi dut. Arlo pertsonalean, denbora honetan bizitza ez da geratu eta gutariko askok familia osatu eta seme-alabak izan ditugu. Seguruenik inor ere ez da egongo orduko egoera berdinean. Norbere egoerak eragiten du datorrenari aurre egiterako orduan, eta arduraz bizi dugu.

Epaiketa honi buruz iritzi publikoa eman dutenen artean, berba bat errepikatu da besteen gainetik: anakronikoa.
Berba horregaz guztiz ados nago eta neuk ere erabili izan dut behin edo behin. Anakroniko berbak ondo deskribatzen du bizi dugun egoera. Gure egoera ez ezik, oraindino Euskal Herrian gertatzen ari diren hainbat gauza deskribatzeko ere balio du. Hau da, orain ia hamarkada bat apustu serioa egin zen hemengo gatazka egoera konpontzeko, eta jende asko bere borondaterik onenagaz bide horretan lanean hasi zen. Baina oraindino badaude sektore batzuk garai bateko egoerara ainguratu gura gaituztenak eta aurrerabidea trabatzen dutenak. Gure epaiketa horren adibide bat da, baina gehiago ere badaude: presoen egoera, arlo politikoko hainbat kontu… Gure epaiketa ez da kontu isolatua. Bost urte joan dira atxiloketak izan zirenetik, eta orduan gainditu guran genbiltzan testuinguru berean egongo gara astelehenean, Madrilen. Baina, tira, honek guztiak balio badu konturatzeko badaudela sektore batzuk iraganean iltzatuta daudenak eta balio badu Euskal Herriko gizartea berriro aurrera begira ipintzeko, bada zerbait.

Gizartean eztabaida piztuta mantentzeko balioko duela uste duzu?
Gure epaiketak presoen egoeraren gaia lehenengo planora ekartzeko balio dezake, eta arazo horri gizarte ikuspegi batetik erantzun behar zaiola ikusteko. 

Auzipetuok denbora daramazue errealitate komun horri elkarrekin aurre egiten. Zer balorazio egiten duzu denbora honetan gizartearen aldetik jaso duzuen erantzunaren edo babesaren inguruan?
Babes handia jaso dugu. Onartzen dut beste batzuk baino eszeptikoagoa nintzela arlo horretan. Izan ere, azken garaiotan gaiak ez du behar besteko presentzia izan. Baina uste dut gure epaiketak sentsibilizatu dituela herritarrak. Alde batetik, zergatik inputatu gaituzten galdetu diote euren buruari, eta, bestetik, ikusi dute ez dela horretarako momentua. Egoera beste gako batzuetan garatu beharko litzateke. Horrek guztiak, neurri batean, jendartea jaikiarazi egin duela uste dut. Auzipetuen herrietan mobilizazio handia egon da, bai herri batzarretan, bai martxan ipini diren dinamiketan… Alde horretatik, oso pozik nago. 

Mugimendu horren erakusleiho nagusiak zapatu honetan Bilbon egongo den manifestazioak izan behar luke.
Epaiketa astelehenean hasten da, eta manifestazioa lehenengo faseko amaiera edo inflexio puntu moduan planteatzen genuen, epaiketa aurreko dinamika sozial moduan. Baina astelehena ez da ezeren amaiera. Ondoren, beste errealitate bat hasiko da eta ikusiko dugu  aurrera begira zelan aurre egiten diogun.

Auzipetuen jaioterrietan sortu diren dinamikak aipatu dituzu. Otxandion hainbat ekintza izan dira elkartasuna adierazteko.
Horretan ez nuen zalantzarik, baina, espero arren, berdin-berdin eskertzen da. Mugimendu handia egon da: sortu diren lantaldeak, garatu diren dinamikak… Otxandion beti mugitu da jendea niri zein nire egoeran egon daitekeen edonori laguntzeko. Herri bizia da. Hona etorri naizenetan jendea oso gogaituta ikusi dut egoera hau dela eta, “zer da hau, nahikoa da!” esanez. Arlo pertsonalean, horrek indarberritu egiten nau.

2001ean, Segi-Haikaren aurkako operazio baten barruan atxilotu zintuzten. Lau urte egin zenituen behin-behinean preso. Testuinguru hartan, beste epaiketa bat bizi izan zenuen. Esperientzia hark balio du gaur egungoari aurre egiteko?
Arlo pertsonalean, bai. Bakadit zein den makroepaiketa baten prozesua eta, egia esan, azkenaldian eskema hori presente izan dut buruan. Gainera, epaitzen gaituen epaile burua orduko bera izango da. Beraz, dejá vu modukoak izan ditut hainbat unetan, bai. Ordukoagaz alderatzen hasita, desberdintasun nagusi bat ikusten dut: orduan kartzelatik joan nintzen epaiketara. Beraz, ez nuen kanpotik bizi izan prozesu guztia. Orain, ostera, jendeagaz nago, Madrilera joan-etorriak izango ditut… Alde horretatik, oraingoa esperientzia berria izango da niretzat.

Astelehenan hasiko da epaiketa. Zein da agenda? Zenbat joan-etorri egingo dituzu Madrilera?
Printzipioz, epaiketak azaro amaierara arte iraungo du. Egun izendatuak ditugu Madrilera joateko. Hasieran, hauxe izango da agenda, gutxi gorabehera: aste batean joango gara, eta hurrengo bietan ez. Azaroan, ostera, aste batean bai, eta hurrengoan ez. Badakigu joan beharreko egunak zeintzuk diren. Sententzia jakin eta gero ikusi beharko dugu aurrera begira zer dinamika planteatu.

Epaiketak bakoitzaren kontrakoak dira, baina ingurukoei ere eragiten diete, senitartekoei esaterako. Zure ingurukoek zelan daramate hori?
Epaiketa hurreratzen doan heinean, gero eta urduritasun handiagoagaz. Arlo honetan ere badago aldea aurretik bizi izan nuen epaiketagaz alderatuta. Gurasoak eta neba-arrebak hor zeuden, jakina, baina orduan ez neukan bikotekiderik eta seme-alabarik eta, zelanbait esanda, zure bizitzako bakardadean bizi duzun egoera bat da. Orain, ostera, badakit bizitzarekiko erantzukizunak beste batzuk direna. Bikotekidea eta urte bi eta erdiko semea ditut. Eurekin dudan hartu-emana zelan aldatu daitekeen eta horrelakoak pentsatzen dituzu; kartzelara sartzen banaute, harako joan-etorriek eragingo dietena eta abar. Herri honetan badugu esperientzia arlo horretan, eta badakigu zelakoa den egoera hori. Zure ingurukoek zer bizi dezaketen pentsatzen hasten zara, eta hori beste harri handi bat da soinean daramagun motxilan. 

Motxila aipatu duzu eta motxiladun umeen errealitatea ere hor dago. 38 umeri eragiten dien prozesua da.
Nirea txikia da eta oraingoz ez da gertatzen denaz ohartzen. Etorkizuneko egoera beste kontu bat da. Gaur gaurkoz, ume nagusiagoen kasua desberdina da. Joan zen egun batean, ia zazpi urteko umea duen auziperatu bategaz egon nintzen eta bere arduretako bat da zelan azaldu umeari egoera hau. Dilema pertsonal serioa da. Ez da gaur egungo egoera azaltzea bakarrik. Aurrera begira zer gertatu daitekeen ere azalduko diozu? Eta horrela bada, zelan azalduko diozu? Ez da erraza asmatzea.

Zerbait gehitu gura duzu?
Otxandion eta Otxandiotik kanpora epaiketa honi aurre egiteko laguntzen ibili den jende guztiari eskerrak eman gura dizkiot. Sasoi batean, ‘Elkartasunari elkartasuna’ leloa plazaratu genuen, eta guri elkartasun dinamika batean aritzea egokitu zitzaigun moduan, orain, elkartasuna geuk behar izan dugunean, jendea hor egon da beti. Inoiz eteten ez den kate bat da. Elkartasuna lantzeko jende asko lanerako prest dagoela ikusteak adorea ematen digu guri, eta baita kartzelan daudenei ere.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!