Arkeologoak irailean hasiko dira Otxandioko plazan indusketak egiten

Joseba Derteano 2019ko ira. 3a, 08:42

Martxan da dagoeneko udaletxe pareko plaza eta pilotaleku irekia eraberritzeko proiektua. Fase nagusi bitan egingo da. Lehenengo, indusketa arkeologikoak egingo dituzte, eremu horretako lurpeak zer gordetzen duen jakiteko. Horren ondoren, eraberriketa lanei ekingo diete.

Oraingoz, plazako harlauzak kendu eta eremua arkeologoentzat prestatu dute. Hauek iraileko bigarren hamabostalditik aurrera hasiko dira lanean, Otxandioko Udaletik jakinarazi dutenez. Ikerketa lanek bi-hiru hilabete iraungo dutela aurreikusten da. 2014an plazako beste bati bat  eraberritu zuten, udaletxe aldekoa. Orduan ere indusketa lanak egin zituzten, eta Erdi Arotik gaur egunera arte Otxandiok izan duen garapena ulertzeko hainbat aztarna aurkitu zituzten. Aurkikuntza guztiak txosten batean jaso zituzten.

Eraberritze lanak
Eraberritze lanei dagokienez, pilotalekuari ez diote gaur egungo itxura aldatuko. Batez ere, zorua eta hormak konponduko dituzte, bestelako lan batzuk egiteaz gainera. udalak Eusko Jaurlaritzatik 300.000 euroko diru-laguntza jasoko du hiru urtean lanak egiteko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!