“Gure birako azken kontzertuetarikoa izango da eta Otxandion indarrez beteriko show-a eskaini gura dugu”

Joseba Derteano 2019ko uzt. 17a, 09:00

Sara Hebe rap-kantari argentinarrak mezu zuzeneko letrak estilo anitzeko musikagaz uztartu ditu bere disko berrian. Disko horretako abestiak uztailaren 20ko kontzertuan aurkeztuko ditu Otxandion.  Jaialdi berean, Skakeitan eta Nogen taldeek ere joko dute. 

Europan zehar egiten zabiltzan biraren barruan, Bilbon eta Donostian eskaini dituzu kontzertuak. Zelako harrera sentitu duzu euskal zaleen aldetik?
Oso ona, benetan. Ez da izan Bilbon, Donostian edo Gasteizen kontzertuak eskaini ditudan lehenengo aldia, eta Euskal Herrira natorren bakoitzean oso feedback ona sentitzen dut euskal zaleen partetik. Denboragaz lagunak ere egin ditut. La Basu da euretako bat, rape-kantari oso ona. Orain urte batzuk abesti bat elkarregaz grabatu genuen. Beraz, gaur egun jasotzen dudan berotasuna orain urte batzuk ereindako haziaren ondorioa da. 

Azken hileetan hiriburu askotan eskaini dituzu kontzertuak. Otxandio, ostera, herri txiki bat da. Zer itxaroten duzu kontzertu horretatik?
Denok elkarregaz une atsegin bat igarotzea. Sekula ere ez dut Otxandion jo, eta ilusioa egiten dit. Disko berriko lanak aurkeztuko ditugu. Musika estilo anitzen entsalada bat izango da: rocka, reggaetoia, cumbia, hip-hopa… Batzuetan kosta egiten zait gure musika estiloa definitzea, egia esanda. Onen-onena kontzertura joan eta zuzenean ezagutzea da. Hori bai, gure birako azken kontzertuetarikoa izango da eta Otxandion indarrez beteriko show-a eskaini gura dugu. Energiaz beteriko zuzenekoak eskaintzen ahalegintzen gara beti.

Aurten zure ibilbideko laugarren diskoa kaleratu duzu, 'Politicalpari' izenekoa. Musikalki eta letrei dagokienez, badago aldaketarik edo eboluziorik aurreko lanekin alderatuta?
Ez nuke esango aldaketa sakonik dagoenik. Aurreko diskoekiko ildoa mantentzen dugu. Musikalki badago eboluzio bat. Soinu modernoagoak bilatu ditugu eta lortu dugula uste dut. Letrei dagokienez, ez dakit zer esan. Kosta egiten zait neuk idatzitako letrez berba egitea. Barruan sentitzen dudana letretan islatzen ahalegintzen naiz. Baina gaur egungo nire letrak sasoi batekoak baino gehiago gustatzen zaizkidala esan dezaket. Garapen baten ondorioa izango da beharbada.

Zure letrak zuzenak eta aldarrikatzaileak dira. Feminismoari buruz abestu izan duzu. Hona etorri zaren urteetan, sentitu duzu borroka feminista gero eta indartsuago dagoela?
Lehenengo esan gura dut ez dagoela feminismo bakarra. Feminismoa barik, feminismoak daude. Feminismoak hazi egin dira eta masiboagoak bihurtu dira, bai. Uste dut begi-bistakoa den zerbait dela. Jaialdietan zein hedabideetan gero eta oihartzun handiagoa dute, hein batean, kasu egitea beste erremediorik ez zaielako geratu. Esaterako, aurreko urteetan baino tematika feministagoa duten jaialdietan jo dugu aurten. Emakume ahots gehiago entzun ditut. Mainstream-a edo korronte nagusia horrelako mugimenduak bere egiten saiatzen da. Hori aho biko arma bihurtu daiteke eta baditu bere arriskuak, baina, tira, hori beste gai bat da.

Agurtzeko, euskaraz zerbait esango diguzu?
'Agur, eskerrik asko!'. Otxandion inguruan bizi diren denak kontzertura gonbidatu gura ditut. Ondo pasatuko dugu. Ordura arte!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!