Aurten, Santamaña egunaren bezperan, Otxandioko txistulariak igoko dira herriko balkoira pregoia irakurtzera eta jaiei hasiera ematera. "Pozarren gaude geu garelako aurten txupineroak", adierazi dute taldeko kideek. Gainera, urte guztian zehar herrian egin duten "lanaren saria" dela esan dute txistulariek.
50 urte igaro dira Otxandion txistulari taldea sortu zutenetik, eta, harrezkero, "gorabeherez" jositako urteak bizi izan dituztela aitortu dute taldeko kideek. "Taldeak urte gogorrak pasatu eta gero, badirudi bolaba on batean gaudela eta taldeak oraingoz etorkizuna baduela", gaineratu dute. Egun hamabi txistularik osatzen dute Otxandioko taldea, tartean hiru gaztetxok. "Txistuarena, beste gauza batzuen moduan, moda kontu bat dela esan daiteke, eta momentu honetan ez dago modan. Hala ere, musika eskolan herriko hiru gazte txistua jotzen ikasten dabiltzala jakitea oso pozgarria da", aitortu dute.
Txupinazoa jaurti ondoren, danborrada egongo da, urtero lez, eta Mugi Panderoak erromeria taldeak emango dio amaiera egunari.
Bigarren asteburuan ere hainbat ekintza egongo dira Otxandion. Tartean, Puro Relajo, Joselu Anaiak, Nogen, Sakakeitan, Sara Hebe eta Lotxo taldeen kontzertuak, besteak beste. Horrez gainera, azken urteetan lez, 1936ko bonbardaketan hildakoak omenduko dituzte.
Jaietako egitarau osoa, hemen.