Otxandioko Harrera Taldeak kanpotik datozenei herrian integratzen eta bizitza berregiten laguntzen die

Joseba Derteano 2019ko uzt. 5a, 09:00

Otxandion Harrera Talde bat dago, kanpotik herrira bizitzera datozenei integratzen eta bizitza berregiten laguntzeko. Taldea 2014an sortu zen eta, harrezkero, boluntarioen sarea handitu dute. "Horrek kasuan kasuko beharrizanei modu zehatzagoan eta eraginkorragoan aurre egiteko aukera eskaintzen digu", azaldu du Humberto Trapero Harrera Taldeko kideak. 

Etorkina udaletxera erroldatzera doanean, Harrera Taldearen zerbitzua jasotzeko aukera eskaintzen zaie, fitxa bat beteta. Zer adin duen, zer hizkuntza dakien eta antzerako informazioa jakinda, soslai horretara ondoen egokitzen diren pertsonak aukeratzen dituzte Harrera Taldetik, etorri berriari laguntzeko. "Familia bat bada eta ume bat badute, eskolan dabilen norbait bidaltzen ahalegintzen gara, gero eskolan ere babes edo harreman hori izan dezan", adierazi du Harrera Taldeko Aitziber Balanzategik. Mamand Ahmad-i eta bere familiari lagundu zieten Siriatik Otxandiora etorri zirenean, eta beste hainbat jatorritako pertsonekin ere aritu dira, Hegoamerikakoekin eta Saharakoekin, besteak beste. Sortzen diren beharrizanak askotarikoak dira: gestio burokratikoekin laguntzea, lehen beharrizanetarako produktuak lortzea, herrian dauden aukerei buruz informatzea… 

Adibide bik erakusten dute unean uneko beharrizanen aniztasuna eta herritarrek erakutsi izan duten elkartasuna. "Egunero Gasteizera joan behar badute, autobusa garesti irten dakieke. Beraz, garraioa gure sareko jendeagaz eskaintzen ahalegintzen gara, ordu antzerakoetan Gasteizera doazen herritarrekin", dio Balanzategik. Beste kasu batean, ezer ez zuen familia kurdu bati laguntzeko mezua zabaldu zuten whatsapp-ez. "Herritarren erantzuna itzela izan zen eta inplikazio handia ikusi genuen. Batzuek dirua ipini zuten eta beste batzuek arropagaz, janariagaz edo askotariko produkturekin lagundu zuten", gogoratu du Traperok.  Oraindino hainbat gauza gordeta dituzte, abadetxean. Etorkizunari begira, lokalen bat bilatu eta produktuen banku bat sortzea pentsatzen ari dira, produktu guztiak ordenatzeko eta beharrizana dagoenean erabiltzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!