“Bizirik eta familia osoa elkarregaz gaude; askok ezin dute berdina esan”

Joseba Derteano 2019ko uzt. 5a, 09:00
Argazkia: Lehior Elorriaga

Gerrako basakeriak, pertsona trafikatzaileen mafiak, errefuxiatuen kanpamentuak… Sirian gerra zibila hasi zenetik makina bat miseria ezagutu dituzte Jim Kerejol eta ama-semeek eta euren familiak. Orain dela urte eta erditik hona Otxandion bizi dira guztiak. Etorkizunari itxaropentsu begiratzen diote, baina iraganaren pisua nabari zaie. Detaile handiz gogoratu eta kontatu dute 2011tik hona bizi izan duten odisea.

Kurduak izan arren, Siriako Alepo hirian bizi zineten. Zelakoa zen bizimodua han?
Mamand Ahmat: Eskoletan ezin nuen kurdueraz berba egin, ezta lagunekin ere. Arabiarrez bakarrik. Alepon batzen ziren etnia guztien artean diskriminatuenak ginen.  

Gerra zibila 2011n hasi zen. Gertutik bizi izan zenuten?
M.A.:
Hasieran gerra ez zen Alepora heltzen. Manifestazioak, gobernuaren hilketak eta antzerakoak telebistan jarraitzen genituen. 

Gerra eragin zuten motibazioei buruz zer iritzi duzue?
M.A.: Orduan, hauxe zen Europan gerraren inguruan zabaltzen zen imajina: ez da iraultza bat, terroristak dira. Ez zen egia. Hasieran, lehenengo sei hileetan, iraultza justu bat izan zen. Unibertsitateko ikasleen iraultza bat izan zen, gizarte justuago baten bila. Baina lehenengo etapa horren ondoren, dena nahastu zen: Al Qaeda, Isis… Gerra zikina bilakatu zen. Nik ez dut inor justifikatuko. Alderdi kurduek ere txarto egin dituzte gauza asko. 

Zuen bizia egon zen inoiz arriskuan? Tiroketarik edo antzerakorik ikusi zenuten?
M.A.: Gerra hasi zenetik, urte bi ingurura heldu zen Alepora. Behin, gure auzora jaurtitako bonba batek 21 lagun hil zituen.  
J.K.: Egoera oso arriskutsua zen. Behin, senarra teilatuko terraza batean egon zen, bere lobagaz. Jausitako eraikinei argazkiak ateratzen zebilen loba. Gobernukoei zein Estatu Islamikoko defendatzaileei ez zitzaien gustatzen inork argazkiak ateratzerik. Ez dakit bietako zein izan zen, baina, ohartu zirenean, tiroka hasi ziren. Senarrari bala bat burutik zentimetro bira igaro zitzaion.
M.A.: Beste behin, frankotiratzaile batek 16 bat urteko gaztea hil zuen bere etxe aurrean. Ezelako arrazoirik barik, denborapasa moduan erail zuten. Apustuak egiten zituzten euren artean, distantzia luzetik persona bat hiltzeko kapaz izango ziren ala ez jakiteko.  
J.K.: Behin, Estatu Islamikoko jendea gure auzoan sartu zen, pertsona biren bila, gobernuari laguntzen ziotelakoan. Baina txarto irten zitzaien. Auzoan bazekiten Estatu Islamikokoak bertaratuko zirela eta segada batean hil zituzten. Gero, hankekatik auto batera soka bategaz lotu eta arrastaka eraman zituzten. Horrelakoak ikusten genituen.

Eta handik irtetea erabaki zenuten.
J.K.:
Bai, eta eskerrak joan ginela. Handik denbora batera bonba bat jausi zen gure etxean.Ç
M.A.: Bai, anaia irten zen lehenengo, ezkutuan. Izan ere, 18 urtetik gora zituen eta harrapatu izan balute armadara batzera behartuko zuten. Gu Siriako Kurdistanera joan ginen, Afrin herrira, amaren sorterrira. Han elkartu ginen anaiagaz, eta urtebete eman genuen bertan.
J.K.: Mundu guztiak zekien gerra Afrinera ere helduko zela lehenago edo geroago, eta handik Urfa-ra mugitu ginen, Turkiako Kurdistanera.  
M.A.: Hile batzuetan egon ginen han. Ni okindegi batean lan egiten hasi nintzen, 14 urtegaz. Oso gogorra zen: goiz-goizetik gauera lanean. Nire izaera asko aldatu zen. Soldata txikiagaz bizi ginen. Beraz, Istanbulera joan ginen. Han ere ez genuen egonkortasunik aurkitu. Aitak Greziara joan gura zuen eta mafia talde bategaz hartu-emanetan ipini zen. Prezioa 600 euro zen buruko. Europako lagunen eta senitartekoen artean batu genuen dirua. Baltsa batean 56 lagun joan ginen, asko umeak. 20 bat minutura Greziako irla batera heldu ginen. Handik Greziaren eta Macedoniaren arteko mugaldera joan ginen. Mugak itxita zeuden eta hiru hile eman genituen bertan, Idomeni izeneko kanpamentuan. 

Zelan heldu zineten Euskal Herrira?
M.A. Grezian toki batean baino gehiagotan bizi izan ginen. Azkenean, Nazio Batuen Erakundeko ordezkari batzuekin batu ginen. Guk ezin genuen aukeratu nora joan, baina aitak esan zien bere semea, nire anaia, Espainian zegoela eta hara joatea gura genuela, familia osoa batera egon zedin.  Ordurako, anaia Katalunian bizi zen. Gasteizen aurkitu ziguten toki bat. Grezian denek esaten ziguten zortea izan genuela, Euskal Herria toki ona delako bizitzeko. 

Eta Gasteiztik Otxandiora?
M.A.: Sei hile eman genituen Gasteizen. Gurasoei gehiago gustatzen zaizkie herri txikiak hiri handiak baino. Errefuxiatuen inguruko CEAR erakundearen bitartez, Otxandioko harrera taldeko lagunak ezagutu genituen. Eurak etorri ziren gugana, Gasteizera. Otxandio ezagutzera gonbidatu gintuzten. Bazkari bategaz egin ziguten ongietorria. Oso ondo portatu ziren gugaz. Azkenean, Otxandiora etortzea erabaki genuen, eta urte eta erdi daramagu hemen. 

Gaur egun zelakoa da zuen bizimodua Otxandion?
M.A.: Lana bilatzen lagundu zidaten hemengo lantegi batean. Zortzi hile eman nituen han, eta utzi egin nuen. Kontua da nire bizitzan sekula ere ezin izan dudala gura nuena egin. Beti aritu naiz gauzak derrigorrez egiten, egin behar zirelako. Gustuko dudan zerbait egin gura nuen, baina ez nekien zer. Buruari buelta asko eman nizkion. Azkenean, etxean kozinatzen laguntzen nuenez, amak sukaldaritza ikastaro batean parte hartzea gomendatu zidan eta orain horretan nabil. Orain aste bi hasi nintzen. Gustatzen zait kozinatzea. 

Herritarrekin zelakoa da zuen hartuemana gaur egun?
M.A.: Nire amak badu lagun bat. Niri gehiago kostatzen zait. Jende gazte ona dago Otxandion, jatorra. Sarritan gonbidatu naute eurekin irtetera. Erlazioa estuagoa ez bada, ez da eurengatik, nire izateko moduagatik baino. Txikitako lagun bi Suedian daude eta eurekin ia egunero berba egiten dut. Ea datorren urtean bisitatu gaitzaketen.

Sirian utzi zenuten senitarteko eta lagunengan asko pentsatzen duzue?
J.K.: Nik ikaragarri! Egunero. Telefonoz egoten naiz haiekin. Hemen ondo gaude, baina nire bizitza ia osoa han eman dut. Egunen batean itzultzea gustatuko litzaidake. Hori da nire ametsa. 
M.A.: Nik ez dut hara itzuli gura. Bisitan bai, baina ez han bizitzera.

Bizitako guztitik positiboa den ezer atera daiteke?
M.A.: Bizirik eta familia osoa elkarregaz gaude; askok ezin dute berdina esan. Gerran zenbat jende hil den eta zenbat sufrimendu eragin duen pentsatzen dudanean ondorio hori ateratzen dut. Gurago dut ikuspegi horregaz geratu bizitakoagaz baino.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!