"Mobilizazio herritar indartsua” iragarri dute 11-13 sumarioko auziperatuek

Anboto 2019ko mai. 10a, 10:20
Durangon atera duten familia argazkia.

Ekainaren 1ean Donostian agerraldia egingo dute xehetasun guztiak emateko.

Presoen eskubideen defentsan aritzeagatik auziperatutako 47 pertsonen kontrako epaiketa irailaren 16an hasiko da. Tartean, Durangaldeko bat dago: Egoitz Lopez de Lacalle otxandiarra. Auziperatu denek familia argazki bat atera dute Durangon eta epaiketari aurre egiteko modu kolektiboan lanean dabiltzala azaldu dute. “Lan taldeetan antolatu gara eta koordinazio bilerak egiten dihardugu, epaiketak berarekin dakarren lan eskergari ahalik ondoen aurre egiteko”, diote ohar komun batean. Epaiketa prestatzeaz gainera, hark suposatuko dien “galera ekonomiko ikaragarria” arintzeko moduak aztertzen dabiltza.

Mobilizazio herritar “indartsu” bat iragarri dute preso eta erbesteratuen egoera konpondu dadin aldarrikatzeko. Xehetasun denak ekainaren 1ean eskainiko duten agerraldian emango dituzte.

Azkenik, azken asteetan euren herri eta auzoetan sentitzen ari diren "berotasuna eta hurbiltasuna" eskertu dituzte. "Elkartasun adierazpen bakoitzak gure gogo-bihotzak goxatu ditu".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!