“Azal osasuntsu eta polit batean zimurrek badute bere lekua; bizitakoaren adierazle dira”

Aitziber Basauri 2019ko mai. 12a, 11:00

Emakume zein gizonentzat, gorputzeko eta aurpegiko azala zaintzeko kremak, seruma, ilea garbitzeko xanpuak eta umeentzako zorrientzako tratamenduak egiten dituzte, besteak beste, Lavandula-n.

Ubiden duten ortuan hazitako landare eta loreak erabiltzen dituzte horretarako Ainhoak eta Ainarak; sendabelarrekin egindako ukenduetan ere bai. Badira 13 urte xaboi naturala egiteko elkartzen hasi zirela Ubiden, eta 2015ean afizioa ofizio bihurtzeko jauzia egin zuten. Otxandioko dendan, azoketan eta internet bitartez eskuratu daitezke produktuok, eta belar-denda edo saltoki ekologikoetan. 

Lavandula, labandaren latinezko adiera da. Zergatik labanda?
A. A.:
Dena du labandak. Ezaugarri piloa ditu eta gauza askotarako da onuragarria. Usain gozoa du, erlaxagarria da, koloretsua...

Nolatan egin duzue kosmetika naturalaren aldeko apustua?
Ainhoa Aramburuzabala:
Amamak beti egin izan ditu ukenduak etxean, eta landareen propietatateak ikusi izan digutu. Urrun joan barik, bertoko landareak apur bat ezagututa, onura asko egin daiteke. Jaten duguna gara, azalean ematen duguna. Horregatik apustu hau. Asko trebatu gara naturopatian eta dermoestetikan, eta ikasitakoa aplikatzeko aukera ikusi genuen, erakusteko ere bai. Kosmetika naturala eta etikoa egiten dugu, ahalik eta poltsikorik gehienetara heltzeko modukoa. Oso pozgarria da bezero bati entzutea gure produktu batek on egin diola.  

Azaleko arazo gero eta gehiago ei daude. Kosmetika naturala alternatiba da horren aurrean?
Ainara Beobide: Azoketan asko datoz aholku bila dermatitis atopikoa, akne arrosa edo psoriasia dutelako. Ez gara medikuak, baina azala hidratatuta izaten lagundu genezake. 
A. A: Nabarmenak dira kosmetika naturalaren onurak. Azalagaz, ileagaz... suabeagoak dira. Adibidez, zahia kentzeko txanpu askok hori eta beste guztia garbitzen dute, dena suntsitzen dute, beste arazo batzuk sortuz.
A.B.: Kosmetika naturalean, azalak xurgatzen duen guztia naturala da. 

Badakigu zer ematen dugun gorputzean?
A. A.: Gorputzean zer sartu gura duen kontziente denak goitik behera irakurriko du osagaien etiketa; janariagaz ere bai. Eta, orokorrean, esango nuke gizartean gero eta gehiago begiratzen diegula erabilitako produktuen osagaiei. Kontzientzia gehiago dago.

Zeintzuk dira landarerik preziatuenak?
A.B.: Kalendula da ezagunena, eta  berbena eta intsusa. Baina labanda, iodo belarra, ezkaia eta erromeroa ere landatzen ditugu, estraktuekin ukendu eta kremak egiteko.
A. A.: Aitita-amamei entzundako betiko landareak dira. Sendabelarrik gehienak bertan jasotakoak dira. Baina badaude hemen hazten ez direnak, eta erosi egiten ditugu.

Azala ondo mantentzeko trukorik?
A. A.: Genetika aparte utzita, jatekoak eta atsedenak eragin zuzena dute, eta nerbioek. Hortik aurrera, azal motaren eta adinaren arabera zaindu behar dugu azala. Ezinbestekoa da azala ondo garbitzea beti. Gure barrukoaren ispilua da azala. 

Badago zimurrak kentzeko produkturik?
A. A.:
Kentzeko, ez. Baina azal osasuntsu eta polit batean zimurrek ere badute bere lekua; bizitakoaren adierazle dira. Barreagaz zimurrak irteten dira, pozaren isla dira. Azal osasuntsua izatea da gakoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!