Gaztetxoen pilota partiduekin ekingo diote egitarauari, 16:00etan. Eguraldi ona egiten badu, plaza aurreko pilotaleku irekian jokatuko dituzte partiduak, eta euria ari badu, Mainondon dagoen pilotaleku estalian. Iluntxo pilota elkartean dabiltzan sei eta hamaika urte arteko gaztetxoen bost bat partidu egongo dira ikusgai. Horien ostean, 17:30etik 20:30era, haurrentzat hiru puzgarri egongo dira plazan.
Jai giroak gauean jarraituko du, Elektro Txufla txarangagaz. Iaz Otxandioko santamaña jaien barruan San Martin egunean jo zuen talde bera da. Orduan herrian jarri zuen jai giroa gustatu zitzaien antolatzaileei, eta Udaberri Jaira ekartzea erabaki dute. 23:30ean hasiko dira kaleko giroa alaitzen, eta 21. Korrika etorri arteko lotura izango dira.