Otxandioko pilotalekua berritzeko, ia 300.000 euroko laguntza jaso dute Eusko Jaurlaritzatik

Joseba Derteano 2019ko ots. 18a, 11:30

Plazako pilotalekua, herriko erdiguneko osagai garrantzitsua dena, zaharkituta geratu da, baina Otxandioko Udalak berriztu ahal izango du. Izan ere, Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi diete ia 300.000 euroko laguntza jasoko dutela zeregin horretarako. Diru-laguntza datozen hiru urteetan zehar jasoko dute: urte bakoitzean herena, 100.000 euro inguru.

Pilotalekua eraberrituko duten arren, ez diote gaur egungo itxura aldatuko. Zorua eta hormak konpondu eta bestelako lan batzuk egingo dituzte, bai pilotalekuan, bai plazako zati batean. Orain bi-hiru urte, plazako beste zati handi bat eraberritu zuten, udaletxearen aurretik frontoirantz doana, hain zuzen ere. Beraz, lan hauek amaitzean herriguneko erdigune osoa konponduta eta eraberrituta egongo da.

Indusketa arkeologikoak
Baina lan hauei ekin aurretik, indusketa arkeologikoak egingo dituzte eremu horretan, plazako beste zatian egin zuten moduan. Izan ere, 2001ean herrigune osoan zehar ikerketa historiko-arkeologiko bat gauzatu zuten, eta azterketa horrek erakutsi zuen plaza inguruan baliozko aztarnak egon daitezkeela.

Beraz, zorua jaso, azpian zer dagoen ikertu eta dena dokumentatuko dute, beste ezertan hasi aurretik. Indusketa arkeologikoak egiteko, udalak hainbat proposamen ditu mahai gainean, eta esleipena egitea falta da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!