Antolatzaileek jakitera eman dutenez, aurtengo azokan 45 postu egongo dira, eta bertaratzen direnek mota guztietako produktuak aurkituko dituzte. Esaterako, ortuariak, gazta, pastelak, bitxiak... Horrez gain, aurten artisauek artilearekin nola lan egiten duten erakutsiko dutela jakitera eman dute.
Urrezko aizkora
Bestalde, Euskal Herriko urrezko aizkora kopako finalerdia jokoan egongo da Otxandion, 12:00etan; Iñaki Azurmendik Eneko Otaño izango du aurkari. Horrez gain, gabonetako emakumeen ingude kopa eta harrijasotze txapelketa ere jokatuko dira. Ingude kopan, Virginia Finol eta Estibaliz Cidad ariko dira elkarren kontra, eta harrijasotze txapelketan Hodei Iruretagoiena 'Izeta IV' eta Iñaki Eizagirre 'Eiza'.