Autobus geltokia eta gasolindegirako bidegorria egingo dituzte Andapostan

Joseba Derteano 2018ko urr. 10a, 09:00

Andaposta autobus geraleku ofizial moduan onartu du Arabako Aldundiak. Lehen, autobus gidariaren arabera geratzen zen autobusa. Batzuetan bai, eta besteetan ez. Orain, baina, beti geratzen da.

Horrenbestez, errepideko alde batean zein bestean autobus geltoki bana egiteko proiektua egin du udalak. Laster lehiaketa publikora ateratzea eta urtea amaitu aurretik lanak esleitzea da helburua.

Proiektu beraren barruan, auzotik gasolindegirako tartea bidegorri bategaz lotuko dute. Izan ere, auzotarrak sarritan joaten dira hara, eta bidegorria eginda, ibilbideko segurtasuna handitu gura dute.

Autobus geltokiak zein bidegorria egiteak 125.000 euroko inbertsioa eskatuko die.

Horregaz batera, bide tarte horretan radar bat jarriko duela jakinarazi dio Aldundiak udalari, autoen gehiegizko abiadura kontrolatzeko. Horregaz ere auzotarren segurtasuna handitzea bilatzen dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!