Plana honako hau da: udalak lurrak jarriko lituzke, eta bizilekuak Eusko Jaurlaritzako Alokabide programaren bidez kudeatuko lirateke. Etxebizitzak egiteko aproposak diren lau lursail identifikatuta ditu udalak. Lursail horietako bat edo bat baino gehiago jartzeko prest daude. "Une honetan Jaurlaritzagaz aztertzen gabiltza zer baldintzatan egin daitekeen horrelako promozio bat. Hitzarmen proposamen bat mahai gainean dago dagoeneko, eta hori lantzen ari gara", azaldu du Urtzi Armendariz alkateak. Akordioa lantzen dabiltzan bitartean, etxebizitza arloan herrian dagoen benetako beharrizana zein den jakin gura dute.
Hori dela-eta, alokairuzko etxebizitza batean sartzeko interesa duten herritarrei Alokabiden izena emateko deia egiten die udalak. Hartara, izen-emateen kopuruak beharrizana zein den eta zenbat etxebizitza sustatzea komeni den jakiteko argibidea eskainiko luke.