“Oilar handiak zeuden, baina bagenekien geurea emanda estutu genitzakeela”

Joseba Derteano 2018ko ira. 16a, 11:00

Apurka-apurka, aizkorakadaz aizkorakada, mundu horretan bere lekua egiten dabil Luis Polanco. Joan zen asteburuan Arabako binakako aizkolarien txapelketa irabazi zuen Jon Rodriguezegaz batera. Olarizu herrian jokatu zen finala.

Zelan egin zenuten binakako finalerako bidea?
Binakako txapelketa egun batean erabakitzen da. Bikoteak osatzeko, banakako txapelketako emaitzak hartzen dira kontuan. Hau da, lehenengo mailako txapeldunak bigarren mailan azkenengo geratu denagaz osatzen du bikotea eta horrela denekin. Ni bigarren mailako txapelketan azpitxapeldun geratu nintzen eta Jon Rodriguez lehenengo mailan hirugarren sailkatu zen. Postu horiengatik osatu dugu bikotea binakakoan.

Finalean zer lan izan zenuten?
60 ontzako enbor bi eta 65 ontzako lau moztu genituen.

Espero zenuten txapeldun geratzea ala sorpresa izan zen?
Oilar handiak zeuden, baina bagenekien geurea emanez gero estutu genitzakeela. Horrela gertatu zen.   Geneukan dena eman genuen eta egindako lanagaz gustura geratu ginen. Besteek ere beharbada ez zuten euren egunik onena izango, eta azkenean irabaztea lortu
genuen.

Aurrera begira, zer asmo dituzu? Beste txapelketarik baduzu buruan?
Datorren urtean Arabako bigarren mailako txapelketan berriro parte hartu gura nuke. Aurten bigarren geratu naiz eta datorren urtean, esperientzia gehiagogaz, ea txapela ateratzeko kapaz naizen. Horrez gainera, Euskal Herriko hirugarren mailako txapelketa ere badut helburu.

Eta, bitartean?
Entrenatzen jarraituko dut eta, aizu, bitartean apusturen bat irtetean bada, ba aurrera. Osterantzean, entrenatu eta entrenatu, txapelketetarako ahalik eta sasoirik onenean heltzeko.

Apustu bila ere bazabiltza?
Ba, ibili naiz bila, baina, momentuz, ez dago ezer. Ikusiko dugu aurrera begira zerbait sortzen den

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!