Ingenieritza lan zorrotza da organo bat berriztea edo egitea?
Organo berria egitea edo zahartutakoa bere jatorrizko erara bueltatzea, bai. Artisau lana da, hainbat materialegaz lan egiten delako. Zornotzako Andra Mari elizako organoa berregiteko, adibidez, ikerketa lan handia egin genuen jatorrizko moduan uzteko. Erronka handia izan zen. Guztiz hondatuta zegoen.
Zein izan zen zure lehenengo hartu-emana organoagaz?
Umetan, Santo Domingo de la Calzadako (Errioxa) katedralean. Ateak zabal-zabalik zeuden egun batean, organoa entzun eta liluratuta geratu nintzen. Ostean, meza ematen zuten bakoitzean joaten nintzen organoa entzutera. Oso txikitatik erakarri nau; 10 bat urtegaz J. S. Bach-ek tokata eta fugekin grabatutako diskoa oparitu zidaten.
Gerora organogile bihurtu zara.
1997an hasi nintzen, nahiko berandu. Horrek ematen dit min. Palentzian eta Errioxan lan egin dut organogile, eta Ingalaterran. Orain lau urte Cantantibus Organi proiektua abiatu nuen.
Proiektu horren barruan egindako organoak aurkeztuko dituzue zapatuan?
Bai. Premien arabera, egokitu daitezkeen organo positibo bi egin ditugu, moduluzko diseinu bategaz. Egiten duguna erakusteko aukera dugu eta emozio berezia sortzen du; ezezaguna da gure lana, eta organoaren frikitzat ere hartu naute inoiz. Otxandion beste organogile bat ere egon zen, elizako organoa egin zuena.
Askotariko organoak daude?
Bai. Guk funtsezko funtzioak bete ditzaketen organo bi egin ditugu. 180 hodi dituzte. Baina Euskaldunakoak, adibidez, 5.000-6.000 ditu.
Elizako liturgiagaz lotzen dugu organoa, baina ze beste erabilera izan ditu?
Errenazimenduan bere papera izan zuen, gorteetako kaperetan eta jai giroan erabili izan da... Kontzertuak emateko ere sortu dira: Euskaldunakoa, tarteko. Zinemagaz booma izan zen AEBetan: asko erabili zen film mutuak girotzeko. Ingalaterran aretoetan erabili dute asko, orkestra bat garestia zelako. Eta boxeo borrokaldietako atsedenetan ere entzun izan da, besteak beste.
Baduzu bat bereziki gogoan?
Martin Goetze eta Dominic Gwynn-egaz Ingalaterran egin nituen lanek asko markatu naute. Santiago de Compostelako Santa Clara komentuko organoak ere bai. Gehien emozionatu nauena, berriz, Londresko St Botolph-koa izan da; Zeelanda Berrian dagoen organo txiki batentzat egindako lehenengo hodiak ere oso gogoan ditut.
Organogile gutxi zarete...
Desagertzeko zorian dagoen espeziea gara, eta Euskal Herria gorenean egon da arlo honetan estatuan. Azpeitian Amezua familia aritu izan da XIX. mende erdialdetik; 70eko hamarkadara arte jarraitu zieten haien arrastoei. Ordutik ez da hemengo organogile baten organorik sortu.
Zer sentitzen da egindako organo bat lehenengoz entzutean?
Hunkigarria da organo berria edo luzaroan isilik egon den organo berriztua lehenengoz entzutea. Irrikan egoten gara nola entzuten den jakiteko.