Luis Polanco aizkolari otxandiarrak Arabako bigarren mailako txapelketan parte hartuko du uztailaren 22an. Federazioko txapelketa ofizial batean parte hartuko duen lehen aldia izango da. Herri kirolak protagonista izango dituen arratsaldea ingude-altxatze saioagaz hasiko dute, 18:00etan. Horren ostean hasiko da aizkolarien lana. Lau enbor ebaki beharko dituzte: kanaerdiko bi eta 60 ontzako bi.
Neurriko lana da Polancorentzat. “Ondo datorkidan lana da. Oraindik aizkoran nahi beste solturarik ez dudanez, enbor handietan hobeto aritzen naiz. Oinarri zabalagoa du eta mantentzeko errazagoa da”, adierazi du aizkolari otxandiarrak. Txapelketan duen helburua “ahalik eta lanik txukunena” egitea da, baina bere buruari “aurrean ibiltzeko” aukerak ikusten dizkio. Abuztuan Euskal Herriko hirugarren mailako txapelketan parte hartzeko asmoa du.
Pilota partiduak plazan
Jaietako kirol eskaintzaren barruan, pilota partiduekin gozatzeko aukera egongo da plazako frontoi irekian. Gaur, Santamaña egunean, izango da jaialdia, 17:30ean. Partidu bi izango dira: Olatz Arrizabala-Nagore Bilbao eta Leire Etxaniz-Nagore Aramendi bikoteek neurtuko dituzte indarrak lehenengoan, eta Aritz Lasa-Ibon Urrejola eta Unai Albarado-Iñigo Pascual bikoteek bigarrenean.
Egun berean, baina lehenago, 13:00etan, gaztetxoen arteko pilota partiduekin gozatzeko aukera egongo da frontoian.