Otxandioko jaiak

Bihar hasiko dituzte Otxandioko santamaña jaiak, Gazte Egunagaz

Joseba Derteano 2018ko uzt. 13a, 10:30

Bihar hasi eta uztailaren 22ra arte santamaña jaiak ospatuko dituzte Otxandion. Egitarau oparoko lehenengo eguna herriko gazteei zuzendutakoa izango da.

Eguerdiko trikipoteoak bertso bazkariari emango dio erreleboa. Bazkalostean, 18:00etan, gazte ginkana egingo dute, askotariko jokoekin. Ostean, elektrotxarangak berotuko du giroa herrian, eta eguna kontzertuekin amaituko dute. 23:00etan, Ezetaerre rap talde galiziarraren eta ON! rock talde ondarroarraren kontzertuak hasiko dira. Gauari DJ Maskaradunaren musikak emango dio jarraipena. Domekan kantuzalez beteko da Otxandio Kantu Eguna ospatzeko. 12:30ean hasita, kalez kale ibiliko dira kantari, 15:00ak arte. Ordu horretan, eztarriari merezitako atsedena emanez, bazkaritara batuko dira denak.

Aste barruan egongo diren ekintzen artean, txupinazoa eta horren osteko Bidez Batez taldearen erromeria nabarmendu daitezke martitzenean, eta pilota partiduak eguaztenean. Udaletxe pareko plazako frontoian emakumeen eta gizonen partidu bana egongo dira arratsaldean,  17:30ean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!