Herri Babeserako Boluntarioen Elkarteak 25 urte daramatza Otxandio eta inguruak zaintzen

Joseba Derteano 2018ko uzt. 17a, 09:00

Ezkerretik eskumara: Andoni Basterra, Arkaitz Zamakona, Beñat Gorospe, Andoni Lazaro eta Endika Garate.

Sute bat badago segituan bertaratzen dira, neguko elurteetan bideak garbitzen laguntzen dute, eta mendiko erreskateren batean ere parte hartu dute. Boluntarioak dira, Herri Babeserako Elkartea osatzen dute eta 25 urte daramatzate Otxandio eta inguruak zaintzen.

90eko hamarkada hasieran sortu zuten taldea eta udaletxean jasota ageri den lehenengo dokumentua 1993koa da. Andoni Basterra hasierarik dago elkartean. "Behin, neguko egun batean sua piztu zen tximinia batean. Jendea teilatura igotzen zen, baldeekin ura botatzeko. Arriskutsua zen. Orduan ikusi genuen zerbaiten beharra zegoela", gogoratu du.

Gaur egun 12 boluntario dabiltza. Larrialdi zerbitzukoen deia jasotzean jartzen dira martxan. Suteen kasuan, suhiltzaileak heldu orduko aurrelana egitea da euren ardura nagusia: mangerak zabaltzea, harguneetan kokatzea eta suhiltzaileentzat baliagarria den informazioa batzea.

Aldundiak utzitako zisterna-kamioiagaz, suhiltzaile jantziekin eta urtean zehar jasotako formakuntza praktikan jarrita, su txikiak itzaltzea ere egokitu zaie sarritan. Batez ere, tximinietatik sortutako suteengatik mobilizatu dira azken urte bietan, sei-zazpi bider. Anboto mendi inguruan larri zebiltzan gazte biren erreskatean lagundu zuten behin. Zaurituak aurkitu, estabilizatu eta Ertzaintzari kokapen zehatzaren berri eman zioten. Desagertutako pertsona biren bilaketan ere lagundu dute azken urte bietan. Gauza kuriosoak ere egin dituzte: iazko santamañetako Umeen Egunean, kamioiko mangerak atera eta urez freskatu zituzten gaztetxoak, beroari aurre egiteko. Egindako lana ez da oharkabean pasatu. Orain 4 urte jaietako txupinazoa botatzeko ardura izan zuten

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!