Musikak garrantzi berezia izaten du Otxandioko jaietan, herriko kaleak zuzeneko musikagaz girotuta egoten baitira herriko bandari esker. Aurten uztailaren 17an hasiko dira jaiak eta Otxandioko bandak inoizko protagonismorik handiena izango du, herriko musikariak izango baitira aurtengo pregoia irakurri eta txupinazoa jaurtiko dutenak. "Sorpresa izugarria izan da. Herriko jendea 60 urtez Otxandion musika jotzen gabiltzanokin gogoratzea benetan pozgarria izan da", adierazi dute musika bandako kideek. Bestalde, udaletxeko balkoitik zer esango duten oraindik erabaki barik dutela jakitera eman dute.
Pregoia irakurtzeaz gain, txupinazo egunean jaiei hasiera eman eta urteroko zitagaz bat egin beharko dute bandakoek. "Txupinazoa jaurti eta arrapaladan plazara jaitsi beharko dugu, urtero lez danborradan jo beharko dugu eta", jarraitu dute.
Jaietako ekitaldiak
Danborradaz gain, besteak beste, Santamaña egunean eta San Martin egunean ere jotzen dute Otxandioko udal bandako kideek. Hala ere, jaiei amaiera emateko unea izaten da eurentzat unerik hunkigarriena. "Agur Santa Marina momentua izugarria izaten da, guretzat jaietako unerik berezi eta politena", adierazi dute.
Banda, galzorian
Karlistada sasoirako sortu zen Otxandioko banda, eta garai gogorrak bizi izan ditu. Birritan desagertu zen taldea, eta egun ere galzorian dagoela ikusten dute musikariek. "Gaur egun dagoen moduan, ez diogu etorkizun handirik ikusten bandari. Ez daukagu laguntza handirik eta hori aldatzen ez bada, denbora gutxian desagertu egingo da", aitortu dute musikariek, penatuta.
Araiako bandagaz batera jotzen dute musikariek, eta herrian zuzendari bat beharrezko ikusten dute. "Otxandion zuzendari bat behar dugu, hori barik ezinezkoa izango baita banda hau suspertzea", adierazi dute. Musikarien hitzetan, suspertze horretan udalak lan egin beharko lukeela uste dute. "Momentu honetan ez dago hazirik landatuta, eta horretan lan egin beharko lukete kultura arloko zinegotziek", esan dute. Hala ere, hilaren 17an 19:00etan udaletxeko balkoitik jaurtiko duten txupinazoak bandari indarra eta bultzada bat ematea espero dutela aitortu dute.