Otxandioko jaiak

Glaukoma eta Tremenda Jauria taldeen kontzertuak izango dira santamañetan

Joseba Derteano 2018ko uzt. 11a, 11:10

Gazte Egunagaz hasiko dituzte Otxandioko santamaña jaiak, zapatuan. Ekitaldiz betetako zortzi jaiegun izango dira.

Musikari dagokionez, kontzertu nagusiak uztailaren 21erako prestatu dituzte, zapatu gauerako: Glaukoma talde tolosarraren dance hall, reggae eta rap doinuek, Tremenda Jauria madrildarren reggaeton feministak eta Zirkinik Bez zornotzarren erromeriak osatuko dute jaialdia.

Gazte Egunean ere musika kontzertuak antolatu dituzte gaztetxean: Ezetaerre rap talde galiziarra eta On! rock talde ondarroarra arituko dira zuzenean jotzen. Horren ostean, jai giroak aurrera jarraituko du DJ baten laguntzagaz.

Jaietako txupinazoa uztailaren 17an jaurtiko dute, martitzen arratsaldean. Aurten Otxandioko Udal Banda izango da txupina pizteko arduraduna, urte askoan egindako lanaren esker on moduan. Azken urte bietan txupinazoaren ekitaldian egin izan den Katalintxuren jaitsiera —elizako kanpandorretik udaletxeko balkoira sokan eskegita— aurten ez dute egingo.

Otxandio kantuzalez beteko duen Kantu Eguna —uztailak 15—, Santamaña Eguna —uztailak 18—  eta 1936ko bonbardaketan hildakoak oroitzeko egingo duten ekitaldia —uztailak 22— dira jaietako beste egun eta ekitaldi garrantzitsu batzuk.

Karpa morea
Udalaren eta Bagaizan taldearen ekimenez, uztailaren 21ean karpa morea jarriko dute plaza inguruan, 20:00etatik 01:00etara. Ekimen berriak hainbat helburu ditu: herritarrak indarkeria sexistaren gaian kontzientziatzea, informazioa banatzea, iritziak jasotzea… Gaian adituak diren pertsona bi egongo dira standean. Horregaz batera, iaz protokolo bat landu eta tabernaz taberna banatu zuten, tabernariek indarkeria kasuren bat ikusiz gero zelan jokatu jakin zezaten. Aurten findu eta osatu egin dute protokolo hori, eta berriro banatu diete tabernariei

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!