Frankismotik hona giza eskubideen urraketak jasan dituzten herritarren zerrenda egingo dute

Joseba Derteano 2018ko uzt. 10a, 10:00

Giza eskubideen urraketak jasan dituzten herritarrei errekonozimendua aitortzeko pausoak ematen jarraitzen du Otxandioko Udalak. Gerra zibileko eta frankismoko biktimak identifikatzen egindako lanari, beste lan ildo bat gehitu diote: frankismotik hona, azken 50 bat urteetan, biktima izan direnen zerrenda egitea. Denekin Otxandioko sufrimenduaren mapa osatu gura dute.

Bere sasoian, memoria berreskuratzeko eta biktimei errekonozimendua eskaintzeko bidean lan egiteko konpromisoa hartu zuen udalak, eta marko horretan sartzen dira lan ildo denak. Frankismotik honako biktimena da azkena. "Seguru gaude beste biktima asko daudena. Modu batekoak edo bestekoak, eta arrazoi askogatik. Erakundeen aldetik sufrimenduaren aitortza jaso ez duten herritarrak dira. Inoiz ez da ezer ofizialik egin zauri horiek ixteko, eta guk bide horretan pausoak ematen jarraitzeko ardura sentitzen dugu", adierazi du Urtzi Armendariz alkateak. Ikerketa horregaz, ahalik eta pertsona eta kasu gehien identifikatzea lortu gura dute. Nortzuk diren eta zer gertatu zitzaien. "Eurek bizitakoa kontatzeko aukera eman gura diegu", dio Armendarizek.

Euskal Memoriaren Fundazioak egingo du ikerketa, arlo horretan esperientzia zabala duelako eta Hernanin, Etxarrin eta beste herri batzuetan ere horrelako lanak burutu dituelako. Azken udalbatzarrean eman zuten egitasmoaren berri. Euskal Memoriak 4.500 euroko aurrekontua izango du.

Batetik, dokumentu ofizialak arakatuko dituzte: salaketak eta antzerako dokumentuak. Baina beste urraketa batzuek ezkutuan jarraitu dezakete, ez daudelako inon jasota. Horregatik, herritarren testigantzak jasotzeko, udaletxeko bulego bat ere martxan jarriko dute epealdi batean. Prozesu hau guztia irailean jarriko da martxan, eta sei eta bederatzi hilabete artean iraungo du. Gero, zerrenda osatuta dagoenean, udalak erabaki beharko du biktima horien guztien errekonozimendua zelan gizarteratu.

Bitartean, franskimoko biktimen testigantzak jasotzeko lanak aurrera darrai. Udala Argentinako kereilara batzeko txostena prestatzen ari da eta jasotako testigantzak txosten horretako osagai bat izango dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!