Turismo gidari bat hartuko du Otxandioko Udalak gerra zibilaren inguruko ibilbidean bisitak antolatzeko

Joseba Derteano 2018ko uzt. 4a, 09:50

Orain urte bi, santamaña jaietarako ekintza moduan, gerra zibilak Otxandion utzitako lorratza erakusten duen ibilbide bat sortu zuen udalak. Harrera ona izan zuen eta, harrezkero, gehiagotan antolatu dute, baina beti kanpotik egindako eskaerei erantzunez eta ez ekintza finko moduan.

Egoera hori aldatzeko eta turismo arloan duten eskaintza indartzeko, pauso berri bat emango dute, turismo gidari bat kontratatzeko lan poltsa sortuta. Izena emateko interesatuta dauden pertsonak udal bulegotik pasatu daitezke oinarriak jasotzera zein eskari orriak betetzera.

"Herrira etorri diren turistek galdetu izan dute Otxandion zer ikusi zitekeen. Une honetan turismoari begira ez dugu eskaintza sendorik eta gerra zibilaren inguruko ibilbideak harrera ona izan duenez, gidari bategaz zerbitzu hori askoz konpletoagoa izango zela pentsatu genuen. Beharbada hilean behin bisita bat antolatu eta gidariak kudeatu dezake", adierazi du Irati Axpe zinegotziak. Gerra zibilaren inguruko ibilbidea Andikona plazan —bonbardaketa jasan zuen  tokia— hasi eta Elizabarrin amaitzen da, herriguneko beste hainbat interesgunetatik igarota.

Ekimena ondo irteten bada, ate bat zabalik utziko dute eskaintza herriko beste interesgune batzuetara zabaltzeko etorkizunean. Baina, momentuz, gerra zibilaren ingurukoan zentratuko dira.

Bestelako lanak
Kontratatutako pertsonak beste zeregin bat ere izango luke. Udala frankismoko biktima izandako herritarren testigantzak jasotzen ari da. Argentinako kereilara aurkeztuko duten txosteneko osagai bat izango da. Langile berriak testuak itzultzen edo transkribatzen lagunduko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!