Otxandioko elizaren kanpandorrean dagoen erlojua, 160 urtekoa, auzolanean konponduko dute

Joseba Derteano 2018ko mai. 31a, 09:30

Herritar taldeak horrelako erloju bat zelan eraberritu ikasiko du lehenengo, arloko adituei bisita egin. Ondoren, uda ostean, hasiko dira erlojua desmuntatzen eta eraberritzen.

Elizako kanpandorreko erlojuaren arduraduna erretiratu egin da, eta orain ez dago erlojuaren pisuak nork goratu. Izan ere, pisudun erlojua da, udalak orain 160 urte erositakoa. Sistema mekanizatua ezartzea da aukera bat egoerari irtenbidea emateko. Herritarrekin kontsulta egin ostean, ondorio argi bat atera du udalak: erlojua herriko altxor bat dela eta eraberritzea merezi duela diote herritarrek. Auzolanean egingo dute lan hori, eta dagoeneko "taldetxo bat sortuta" dagoela adierazi du Juan Mari Otxandiano zinegotziak. Datozen hiru-lau hileetan horrelako erloju bat zelan eraberritu ikasiko dute arloko adituei bisita eginda. Uda ostean  hasiko dira erlojua eraberritzen.

Kanpandorrean bertan hasiko dira erlojua desmuntatzen. Pieza denak behera jaitsiko dituzte zein egoeratan dauden ikusteko. Pieza original denak mantentzea da helburua. “Konponketa ez inbasiboa izango da”, argitu du Otxandianok.

Udalak 1858an erosi zuen erlojua. Iaz udaletxean aurkitu zuten akta baten jasotzen da horren berri. Aurreko erlojua txarto zebilen eta garai hartako herritarrek zein ogibide desberdinetako beharginek —errementariek, esaterako— erreferentzia moduan erabiltzen zuten. Protesten aurrean udalak Gasteizko erlojugile bat ekarri zuen egoera baloratu zezan. Ez zuela konpontzerik merezi eta berri bat erosteko aholkatu zuen. Esan eta egin. Orduko udalak berri bat egitea enkargatu zuen.

Kanpandorrean dagoen erlojuaren irudia:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!