Otxandion Udaberri Jaiak ospatuko dituzte zapatuan, hainbat tabernariren artean antolatuta. Arratsaldea umeentzako puzgarriekin hasiko dute. 16:00etatik 20:00etara hiru gaztelu puzgarri jarriko dituzte udaletxe pareko plazan. Hirurek euskal kulturarekin zerikusia izango dute.
Arratsaldeko 17:00etan Bizkaiko Bertsolari Txapelketako saioa hasiko da Mainondoko gimnasioan. Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Vidal, Imanol Uria, Jontxu Martinez, Josune Aramendi eta Lurdes Ondaro ariko dira bertsotan.
Iluntzean, 20:30ean, Basajaun taldearen erromeria hasiko da. Tolosako taldea orain 20 urte sortu zuten. Estilo anitzeko abestiekin (rock, ranchera, fandangoa…) osatutako errepertorioa erakutsiko dute. Gaztetxeak ere kontzertuak antolatu ditu. 23:00etan Backbone eta Kohatu taldeen zuzenekoak hasiko dira bertan.Kohatu Berrizko eta Durangoko musikariekin osatutako taldea da.