Denboraldiaren zer balorazio egiten duzu?
Oso pozik nago. Aurten aurreko urteetan baino lasaiago hartu dut prestakuntza, udara freskoago heldu gura nuelako. Negutik gogor hasten bazara, uda luze egiten da. Beraz, ez nuen espero hain indartsu ibiltzea.
Munduko kopan debutatu duzu. Zelako esperientzia izan da?
Oso ona. Suitzako eta Andorrako proba banatan aritu naiz. Hor ikusten da benetako maila zein den eta zelako eskasak garen besteekin alderatuta! Baina nagusiekin joan naiz eta oso esperientzia aberasgarria izan da niretzat; ikasteko balioko dit.
Espainiako txapelketak emankorrak izan dira.
Sprint modalitatean bigarren eta binakako txapelketan hirugarren amaitu nuen. Kronoigoera modalitatean ere parte hartu nuen. Gogoan dut erdi gaixorik ibili nintzela astean zehar eta, azkenean, laugarren geratu nintzen.
Udaberrira eta udara begira, zer asmo duzu?
Aste honetan hasiko dut mendi lasterketen denboraldia, Asturiasko proba batean. Hemendik aste bira Euskal Herriko txapelketan parte hartuko dut, Aloñako igoeran. Proba horretan ematen dudan mailaren arabera erabakiko dut ordutik aurrerako denboraldia zelan antolatu. Aurten, Euskal Herriko txapelketan junior mailan barik, maila absolutuan parte hartzea erabaki dut, nagusiekin zelan ibili naitekeen ikusteko. Hurrengo urtean kategoria nagusirako saltoa emango dut eta non nagoen ikusi gura dut: aurrean nabilen, gehiago entrenatu behar dudan…