Iruin Urigoitiaren familiaren abokatua izan zen bere sasoian. Berak egin zuen ikerketa lana. Orduan epaileak kasua artxibatzea erabaki zuen, zegoen informazioagaz guardia zibilak, ustezko hiltzaileak, epaitzeko froga nahikorik ez zegoela iritzita. 2000. urte inguruan artxibatu zen. Kasua berriro ireki ahal izateko, beharrezkoa da artxibatu zenetik hona garrantzizko gertaera edo informazioren bat irten izana. Hori ikertzeko gura dute Iruinen laguntza. “Kasua berriro irekitzea justifikatuko lukeen froga berririk edo garrantzizko gertaerarik agertu den aztertzeko eta horren gaineko balorazio bat egiteko eskatu diogu. Berak proposamen bat aurkeztuko digu, eta horren ondoren erabakiko dugu aurrera jarraitu ala ez”, azaldu du Urtzi Armendariz alkateak.
Biktimen errekonozimendua
2015eko irailean lau lagun atxilotu zituzten Luzia Urigoitia omentzea egotzita. Madrilgo Auzitegi Nazionalean epaitu ostean ez zuten kartzelara joan beharrik izan, zigorrak ez zirelako urte bitik gorakoak. Orduan, udalak konpromiso bat hartu zuen: indarkeriaren biktima izan diren herritarren memoria zaintzea eta kasu horiek argitzen saiatzea. Konpromiso horien ondorioa dira orain ematen ari diren urratsak. Luzia Urigoitia Eusko Jaurlaritzako ‘Biktimen Udal Erretratuak’ txostenean agertzen da eta biktima lez aitortuta dago.