Zerbitzuaren berri emateko, ekimen bi antolatu dituzte asteon Otxandioko egoitzan. Gaur, 17:30ean, nagusien elikadurari buruz jardungo du Garoa Goñi dietistak. Bihar, 17:30ean, jantokiko zerbitzuari buruzko informazioa emango du Inge Landaluze egoitzako arduradunak.
Zerbitzuagaz hasi aurretik, jubilatuen elkartekoekin batu ziren ekimenaren berri emateko, adin tarte horretan zerbitzu honen beharra zuten hainbat pertsona aurkitu zitezkeelakoan. Hala ere, “ez da adin tarte batera mugatutako zerbitzua, eta behar duten denentzat dago irekita”, adierazi du Miren Urigoitia udaleko zinegotziak. Interesatuek zaharren egoitzara jo dezakete. Pertsona bakoitzaren beharrizanetara moldatu daitekeen zerbitzua da. Hau da, egunero jan daiteke bertan edo egun konkretu batzuetan bakarrik. Bazkaltzeko, afaltzeko edo bietarako erabili daiteke, beti ere ordutegi jakin batzuetan. Prezioak herrikoiak dira.
Adinekoen egoitzako 21 plazak beteta daude. Hala ere, jantokian badago tokia, eta eskaria handitzen bada eta beharrizana sortzen bada txandak antolatu daitezkeela azaldu du Urigoitiak.