Birziklapena ondo egiteagatik hobariak ematea aztertuko dute Otxandion

Joseba Derteano 2017ko aza. 21a, 15:44

Azken udalbatzarrean ordenantza fiskalak behin-behinean onartu dituzte. Zaborren tasa %10 igoko dutela da  aldaketa bat.

Gasteizko Fundis tratamendu plantak tona bat zaborreko kobratzen duen zenbatekoa igo du beste behin, eta horrek Gorbeialde Partzuergoari eta berau osatzen duten herriei eragiten die. Horregatik izan da igoera. Udalak, etorkizunera begira, herrian sortzen den zabor kopurua gutxitzeko eta birziklapena indartzeko apustua egina du eta, ildo horretatik, ondo birziklatzen duenari zaborren tasetan hobari bidez laguntzea hausnartzen ari direla azaldu zuen Armendariz alkateak udalbatzarrean. “Bide desberdinak daude eta horiek aztertzeko konpromisoa hartu dugu. Urte amaierarako proposamen bat prest izatea gurako genuke”, azaldu du.

Saltoki berriek, tasarik ez
Ordenantza fiskalek, oro har, KPIaren araberako igoera izango dute, salbuespen batzuekin. Esaterako, saltokiak irekitzeagatik ez dute tasarik kobratuko. 150 euro zen aurten arte. Komertzioen etorrera sustatzea da helburua.

Ondasun Higiezinen Zergan iazko balioei eutsi diete. Katastroaren eguneraketaren harira jarritako errekurtsoak ebazteke daude oraindik. Aldundiaren aldetik “informazio eta kolaborazio falta” dagoela salatu zuen alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!