“Asko erakartzen nau euskarak, indiarren guaraniaren antzeko logika jarraitzen du”

Aitziber Basauri 2017ko aza. 18a, 10:30

Hiri handi batetik herri txiki batera. Brasildik Euskal Herrira. Funtsezko aldaketa egin du Joao Henrique de Fauw Felix da Silva musikari gazteak. Neska-lagunagaz tabernan lan egiten du, eta euskara ikasten ere badabil. Brasilgo cuica entzuteko aukera ere eskaini digu.

Maitasunak ekarri zaitu Otxandiora. Nola moldatu zara?
Ondo. Dena oso berria egin zait. Iaz ezagutu nuen Vanesa, Brasilen —brasildarra da, baina zazpi urte dira hemen bizi dela—. Internet bidez ezagutu ginen eta elkarregaz egotea erabaki genuen. Otxandion. Aldaketa handia izan da, Curitibak 2,5 milioi biztanle ditu. Baina beti erakarri nau herri txikietako bizimoduak. Dena den, hiria ere nire zati bat da. Musika lez.

Zerk deitu dizu gehin arreta?
Euskarak; euskalkiek. Euskara eta gaztelania aldi berean erabiltzeko joerak ere bai. Bi hizkuntza nola ikasiko nituen ere pentsatu nuen, batean bat eta bestean bestea erabiltzen badira! Uneoro elkar agurtzeko ohiturak ere atentzioa eman zidan. Herriaren historiak: bonbardaketak, orduko ume haietako batzuk bizirik daudela jakitea... Kuadrilletan batzeko ohitura ere asko gustatzen zait. Brasilen ez dago horrelakorik.

Brasilgo berotik Otxandioko hotzera ondo egokitu zara?
Curitiba hotzagatik da ezaguna. Brasil hegoaldean dago Paraná, eta klima berdintsua da. Iparralderago beroagoa da. Berlinen (Alemania) sentitu dut inoiz baino hotz gehien.

Musikaria eta konpositorea zara. Euskal musika entzun duzu?
Bai. Maurizia, Mikel Laboa, Benito Lertxundi… Trikitia eta panderoa ere ezagutu nituen, Korrika Otxandiotik irten zenean, adibidez. Orduan etorriberria nintzen, jendea ezagutzen hasiberria. Itzela iruditu zitzaidan! Hainbeste jende batuta hizkuntza eta kultura baten alde.

Herrian antolatutako ekitaldietan jo duzu?
Bai. Kulturaniztasunaren jaian, Gure Esku Dagok egindako herri galdeketan… Koreeraz, gaztelaniaz, euskaraz... abestu dut. Brasilen grabaturiko Ühmas mataflora adentro bakarkako lana ere erakutsi nuen urrian. Nire burua eta ingurua ezagutzeko bizitako prozesua islatzen du, eta Brasilgo hainbat lagunen  ekarpenak batzen ditu. Baina sortzea, konposatzea, musikaren ikasketa gustatzen zait.Gitarra eskolak ere ematen ditut.

Tabernari egiten duzu lan.
Tabernari lanaz ez nekien ezer, baina antropologia lan itzela izan da. Askoz gehiago ezagutu dut gizakia. Urte bizia, intentsoa izan da. Funtsezko aldaketa izan da.

Oso desberdinak gara euskaldunak eta brasildarrak?
Bai, baina bietan eguneroko estualdi eta poz berdinak ikusten ditut. Euskal Herria ohiturek, hizkuntzak, ezaugarri batzuek batzen dute, horiek berreskuratu eta indartzeko prozesuan zaudete. Brasilen zailagoa da, mestizaje handia dago. Identitatea garatzeko prozesuan dago Brasil.

Nola doaz euskara ikasketak?
Banabil ikasi guran, lotsa galtzen. Latinagaz ez du loturarik eta oraindik jatorria ikertzen ari dira. Asko erakartzen nau euskarak, Paranako indiarren guaraniaren antzeko logikari jarraitzen dio, berba eta izendatutakoaren zentzua nahasiz: ‘Gar-mendia’ adibidez.

Dantzan, erritmoa falta dugu?
Oso garrantzitsua da gorputzeko artikulazio denak mugitzea. Gerria ere bai, baina ez dugu nahikoa askatzen. Askotan, lotsagatik. Hemen eta Brasilen, kulturak eragiten duen arren. Dena den, biribilketan mugitzen zarete zuek ere.

Munduan ezaguna da Brasilgo inauteria. Inauterizalea zara?
Brasilgo jatorrizko inauteriak erakartzen nau, Ranchoetan sortutakoak. Rancho bakoitzean sanba eskola bat zegoen  eta inauterietan irteten ziren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!