Otxandioko ekintza bandalikoen egileak herriko gazte batzuk direla uste du udalak

Joseba Derteano 2017ko aza. 13a, 16:13

Batez ere frontoian eta bere inguruan ateak apurtuta eta zakarrontziak erreta agertu izan dira, besteak beste. Urteetan dirauen arazoa da. Egileak herriko gazte batzuk direnaren "susmo nahiko kontrastatua" dute udalean. Horregatik, egoera bideratzeko lehenengo pausu moduan, 6-17 urte arteko gazteen gurasoak batzar batera deitu dituzte gaur arratsaldean kultur etxean.

Paperontziak erre dituzte, frontoiko atea eta metrakilatozko egitura apurtu dute, igerilekua itxita zegoela barrura sartu eta eskailera apurtu dute edo altzariak uretara bota dituzte… Otxandioko hiri-altzariek kalteak jasan dituzte azken urteetan. “Hainbat bider konpondu arren nahita apurtzen jarraitzen dute”, dio Urtzi Armendariz alkateak. Egileak herriko gazte batzuk direnaren “susmo nahiko kontrastatua” dute. Kalteen harira, egileak kontzientziatzeko asmoz udalak ateratako oharrek ez dute egoera konpondu, eta ondorioz, beste bide bat hartu dute: gazteekin eta gurasoekin aurrez aurre egotea. Joan zen asteko udalbatzarrean eman zuten asmo horren berri.

Gaur arratsaldean 6-17 urte arteko herriko gazteen gurasoak batzar batera deitu dituzte kultur etxean. Batzarrak helburu bi ditu. “Batetik, aurrez aurre azaldu gura diegu zer gertatzen ari den, gurasoek rol inportantea dutelako gazteen heziketan. Gazteekin zuzenean berba egitea ere gustatuko litzaigukeela azaldu gura diegu. Gazteekin egon aurretik gurasoei gure asmoen berri ematea garrantzitsua dela uste dugu, jakinaren gainean egon daitezen. Bestetik, gure mugara heldu garela ohartarazi nahi dugu eta gazteekin eta gurasoekin berba eginda egoera ez dela konpontzen ikusten badugu, beste neurri batzuk hartzea baloratuko dugula”, azaldu du Armendariz alkateak.

Gazteeei euren mezua helarazteko modurik “naturalena” eskolara joatea dela iruditzen zaie. “Gazteekin zuzenean berba egitea inportantea dela uste dugu eta naturaltasunez egon gura dugu eurekin. Beharbada udaletik egin daiteke gehiago egoera konpontzeko, beharbada herriko aisialdi eskaintza ez da nahikoa. Ez dakigu, baina gure ikuspuntua plazaratu eta eurena jaso gura dugu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!