Letxeria inguruko bide zatian asfalto inprimatua bota dute

Joseba Derteano 2017ko aza. 9a, 17:23

Letxeria inguruan bizi direnentzat hango bidegurutzea pasabide nagusia da Artekalera —Otxandioko erdigunera— joateko.

Horrelako bidegurutzeetan oinezkoari lehentasuna ematea da udalaren asmoa eta, horregatik, gune horretan, Urigoiena eta Indusi arteko errepide zatian, ohiko asfaltoa kendu eta asfalto inprimatua jarri dute. Joan zen asteko barikuan egin zituzten lanak. Espazio hori espaloiaren mailara ere igo dute, oinezkoen lehentasuna gehiago markatzeko.

Asfalto inprimatua duen zati hori pintatu egingo dute gainetik, aldaketa oraindino nabariagoa izan dadin. “Auto bat handik pasatzen denean, herrigunera sartzen ari dela eta abiadura gutxitu egin behar duela ohartaraztea da helburua. Oinezkoek lehentasuna dute, eta autokoek jakin behar dute handik igarotzean herritarrak bidea gurutzatzen aurkitu ditzaketela”, adierazi du Urtzi Armendariz alkateak. Oinezkoen lehentasuna gogoratzen duen seinale bertikal bat ere jarri dute espazio horretan.

Etorkizunean ekintza berdinak egin gura dituzte Otxandioko beste toki batzuetan; Samartoin, eskolarantz hartzeko bidegurutzean eta Oletara doan biribilgune inguruan, esate baterako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!