Otxandioko margo lehiaketak 27. aldia egingo du urriaren 22an. Ekimen horren harira gaztetxoei bideratutako beste bat ere antolatuko dute: margo tailerra. Hainbat dinamizatzailek emandako pintura heziketa tailerrak parte hartzaileen adierazpena eta sormena sustatzea du helburu, marrazkia komunikatzeko eta gozatzeko tresna moduan erabilita.
Otxandioko udaletxeko kontseilu azpian eskainiko duten tailerra hiru adin tartetan banatuta egongo da: 3-6, 7-11 eta 12-16. Goizeko 10:00etatik 14:00etara askotariko teknikak eta materialak erabiliko dituzte parte hartzaileen aukera artistiko eta adierazkorrak estimulatzeko. Ondoren, lehiaketa batera aurkeztu ahalko dituzte euren lanak.
Margo lehiaketan 500 euroko saria
Margo lehiaketa nagusian nahi duten guztiek parte hartu dezakete. Gaia librea izango da. Betekizun bakarra lana aire zabalean, Otxandio herrian eta haren inguruetan betetzea da. Parte hartzaileek Otxandioko Bolalekuan zigilatu ditzakete euren euskarriak, 09:00etatik 10:00etara. Ondoren, 14:00 arteko tartea izango dute lanak aurkezteko.
Sari banaketa egunean bertan 18:30ean egingo dute, Bolaleku aretoan. Irabazleak 500 euroko saria irabaziko du. Bigarrenak 350 euro jasoko ditu eta hirugarrenak 200 euro. Herriko lanik onenari 150 euroko saria emango diote.