16 urtetik gorakoentzako bertso eskolak urrian hasiko du bere bidea

Joseba Derteano 2017ko ira. 26a, 12:00

Otxandio herri kantuzalea da tradizioz eta urritik aurrera herri bertsolaria ere bihurtu dadin lan egingo dute, bertso eskola sortuta. Bizkaiko Bertsolari Elkartearen bidez gorpuztu den proiektuak adin guztietako otxandiarrei bertsolaritzan sakontzeko aukera eskainiko die, modu batera edo bestera.

Orain urte bira arte Arabako Bertsolari Elkartearen eraginpean egon da Otxandio eta harrezkero Bizkaiko elkartearen esparrura pasatu da. Aitor Esteban bertsolaria bertan dabil eta berak hartuko du 16 urtetik gorako bertso eskolaren ardura. Otxandion bizi da orain Uribe Kostakoa den arren, eta eskarmentu handia du bertso eskolak gidatzen. “Bertsolaritza sustatzea eta euskalzaletasuna bertsoaren bidez garatzea” dute helburu, Estebanen berbetan.

Momentuz, zortzi lagunek eman dute izena. Klaseak astean behin izango dira, martitzen arratsaldetan, urriaren 3tik aurrera. Seguruenik, Gaztetxean eskainiko dituzte. “Batzuek bertso sorkuntzagaz harremana izan dute inoiz. Beste batzuk, berriz, zerotik abiatuko dira”, azaldu du. Bertso eskolarako izen-ematea honako helbide elektronikoaren bidez egin daiteke: gorrire@gmail.com.

16 urtera arteko eskaintza
12 eta 16 urtera arteko nerabeek herritik kanpoko ikastetxeetan ikasten dute. Haiei ere bertsolaritzaren munduan herrian bertan murgiltzeko aukera eskainiko diete sorkuntza tailer baten bidez. Astean behin ludotekan eskainiko dute.

Bosgarren eta seigarren mailako gazteek, orain arte moduan, eskolan jarraituko dute bertsolaritzari lotuta. Arabatik beharrean, Bizkaitik kudeatuko dutela da aldaketa.“Umeen guraso batzuek ere galdetu digute ea euren seme-alabentzat materialik badagoen. Hori aztertuko dugu, jolas moduan bertsolaritza landu ahal dezaten”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!