Elizako atartea eta polikromiak berrizteko diru-bilketa hasi dute

Joseba Derteano 2017ko uzt. 27a, 10:30

Otxandioko Santa Marina elizan balio handiko polikromiak daude. Aberastasun hori eraberritzeko, diru-bilketa kanpaina abiatu du parrokiako batzordeak eta parrokiaren inguruko lagun talde  batek. Atartean —atean eta goialdean— zein barrualdean, koruaren inguruko egurrezko egituran, daude polikromiak. “Asko dira gurean ditugun artelan ederrak, eta mugatuak gure diru-iturriak”, azaldu du elizako zereginetan laguntzen duen Jose Maria Amenabarrek.

Ekarpen bat egin gura duenari interneteko www.verkami.com webgunean eskaini diote horretarako aukera. Atartearen eta polikromien egoera jasotzen duen minutu biko bideo bat ere eskegi dute.

Gune lauak edo erliebea duten irudiak hainbat kolorez apaintzeari deitzen zaio polikromia. Sasoi batean, atartea zein egurrezko egitura polikromiez apainduta zeuden, baina, gero, gainetik pintatu zuten, polikromiak azpian ezkutatuz. Hala ere, berreskuratu daitezke. Adituek laginak hartu dituzte gehiago jakiteko, eta “balio handikoak” direla esan diete, Amenabarren esanetan.

Atarteko goialdean eta erdian dagoen erliebe batean Otxandioko ezkutua ageri da, eta, gutxienez, 200 urte ditu.  

Kontzertua eta kamisetak
Eraberritze lan denak egitea garestia da. 70.000 euro beharko lirateke. Horregatik, faseka egingo dute. Lehenengo fasean atartea berriztu gura dute, 10.000 bat eurogaz. Diru-bilketaz zein Andres Landa fundaziotik urtero jasotzen duten diru-laguntzaz gain, beste finantziazio iturri batzuk landu dituzte. Esaterako, atarteko ezkutuaren irudiagaz kamisetak atera dituzte.

Kontzertu bat ere antolatu dute. Abuztuaren 4an, 19:00etan, Joxe Benantzi Bilbao organo-jotzaileak kontzertua eskainiko du. Bilbaok Europako hainbat kontserbatorio eta zentrotan egin zituen ikasketak. Bere ibilbidean hainbat sari irabazi ditu, munduko musikaririk onenetarikoekin kolaboratu du eta musika jaialdi garrantzitsuak zuzendu ditu, besteak beste. Sarrera doakoa izango da eta dohaintzak jasoko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!