Otxandioko emakumeek gerra aurretik dantzatzen zuten aurreskua berreskuratu dute, eta uztailaren 22an, jaietako laugarren egunean, herrikideen aurrean aurkeztuko dute, Andikona plazan. Miriam Uribe dantzariak dioenez, “urduri” daude, eta gogotsu dena ondo irten dadin. Arrate Garate taldekidearen berbetan, emozioz bizi dituzte estreinaldira orduko egunak. “Andrek egiten zuten dantza hainbeste urtean galduta egon ondoren guk berriro egitea, pozgarria da”.
Errementariekin lotura
1936an Otxandio bonbardatu zutenean eten zen soka-dantza honen tradizioa. Ikerlariek diotenez, emakumeek lan egiten zuten jaietan, etxean zein gonbidatuak atenditzen. Uztailaren 22a, ordea, beraien eguna izaten zen. Emakumeak garbitokietan egoten ziren, eta errementariak, lanetik irteterakoan, haien bila joaten ziren. Plazara joan, eta errementariei soka-dantza hau dantzatzen zieten emakumeek.
Oiangurenen ekarpena
Duela 40 urte Santurtziko Flores anaiek Otxandioko folklorea ikertu zutenean abiatu zen emakumeen aurreskuaren berreskurapena. Sabina Oianguren zen sasoi hartako dantzarien azken belaunalditik gelditzen zen bakarra. Dantzazale amorratu hark, 86 urte zituela ere, aurreskuaren mugimenduak garbi zituen buruan.Oiangurenek ikerlari santurtziarrei eta dantza taldeko beste kide batzuei pausoz pauso irakatsi zien bere oroimenean baino ez zegoen altxorra. Iñaki Larrea Urduri dantza taldeko txistulariak ere saio haietan parte hartu zuen. “Orain 40 urte santurtzikoak etorri zirenean ikasten ibili ginen. Aurten hori aurrera eraman badugu, beraiei esker izan da. Guk bakarrik ez genuen aterako”. Ainhoa Lasuen dantzariak dioenez, aurresku hau Bizkaiko Dantzari dantzatik bereizten duena da bai aurreskulariak eta baita atzezkulariak ere pauso berdina egiten zutela, eta gero publikoari zortziko bat eskaintzen zietela.
Igor Ortiz de Zarate Sabina Oianguneren iloba Urduri dantza taldeko dantzaria da, eta publikotik aterako duten mutiletako bat izango da. Aurreskua Igorri eskaintzeak esangura berezia izango du. Plaza nagusian barik, Andikonan dantza egiteak ere sinbolismo handia izango du. Bonbardaketaren ondorioz 1936ko uztailaren 22an plaza horretan hildakoak gogora ekarri gura izan dituzte.
Ortiz de Zarate: "Aurreskua berreskuratzeak ilusioa sortu dio familiari" Pedro, zure ama Sabina oso dantzazalea zen. Sabinak 86 urte zituela, aurreskua irakasten ibili zen. Amaren irakaspenei esker aurten aurreskua berreskuratzea zelan hartu duzue? Igor, amamari esker berreskuratutako dantzan jendartetik aterako zaituzte. |