“600 euro daude jokoan, baina urguilua da inportanteena”

Joseba Derteano 2017ko uzt. 12a, 12:27

Jaien barruan aizkora apustu berezi bat egingo dute. Luis Polanco eta Saul Velasco otxandiarrak kanaerdiko bost enbor nork arinago moztu arituko dira uztailaren 23an, 19:00etan, herriko plazan.

Biak baserri munduko gizonak dira. Polancok gaztetasuna du alde. 33 urtegaz, Velasco baino 17 urte gazteagoa da. Baina sekula ez da egur gainean aizkoran ibili eta hutsetik ikasi behar izan du. Velascok, aldiz, badu horretan esperientzia. Gauzak horrela, nork irabaziko ditu jokoan dauden 600 euroak? Edozelan ere, “urguilua da inportanteena”, Polancoren berbetan.

Pike sanoak betidanik izan dituzte lagunartean. Inportanteena indarra den kasuetan, Polanco gehiago izan da: lagun baten zelaian fardoak jasotzen eta eraikitzen ari ziren etxe bateko harria jasotzen, esaterako. Indar kontuetan, bai, baina teknika eskatzen duen probetan emaitza bestelakoa izango zela zioen Velascok. Horrela, behin aizkora apustu baterako iragarkia jarri zuen Polancok Danoena tabernan, eta Velascok onartu egin zuen. Baldintza bakarra jarri zuen gazteak: entrenatzeko, urtebeteko epea uzteko. Aurtengo santamañetan beteko da urtebete.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!