Otxandioko jaiak

Ana Alberdi: “Gogo ikaragarria zuten berba egiteko; begietan igartzen zitzaien emozioa”

Joseba Derteano 2017ko uzt. 12a, 15:30

Ana Alberdi, Paul Arzanegi eta Irene Arin Kimuberri sariagaz.

Paul Arzanegi (1995) gernikarra da, eta bonbardaketen gaineko istorioak txikitatik entzun ditu. Irene Arini (Tolosa, 1995) bere senitarteko batzuen bidez sortu zitzaion gerra zibileko kontuei buruzko interesa. Eta Ana Alberdi (Mendaro, 1994) historiako libururen bat beti esku artean duen horietakoa da.

Horregatik, Mondragon Unibertsitateko hiru ikasleek, graduondoko lana Otxandioko bonbardaketagaz lotzeko aukera ikusi zutenean, ez zuten zalantzarik izan. “Proiektu honek geurea izan behar du, kosta ahala kosta” pentsatu zuten, Alberdiren esanetan. Interes eta dedikazio horrek errekonozimendua jaso du: Anbotogaz elkarlanean egindako lanagaz Mondragon Unibertsitateko Kimuberri saria irabazi dute.

Dokumentala santamaña jaietan erakutsiko dute. Uztailaren 23an, 22:00etan, ikusi ahalko da Andikona Plazan.

Adituek bonbardaketa bere testuinguruan kokatzen eta hari logiko bat jarraitzen lagundu diete. Marko horren barruan, bonbardaketa bizi izan zutenen testigantzek hartzen dute pisurik handiena, horiek janzten dute kontakizuna. “Guretzat hunkigarria izan da eurekin aurrez aurre egotea. Berba egiteko, eurena kontatzeko eta edozertan laguntzeko gogo ikaragarria zutela sentitu dugu. Begietan igartzen zitzaien emozio hori. Helduei gutxitan ematen zaie ahotsa, eta barruan dutena ateratzeko aukera eskaini izana oso pozgarria da guretzat”, azaldu du Alberdik. Zigor Olaberriaren liburuaren bidez bazekiten Otxandion gertatutakoa, baina letrek ez dute ahoz kontatutako testigantza zuzenekin zerikusirik. “Beraiek sentitzen dutena sentitzea ezinezkoa da, baina sentimendu horietara hurreratzeko modua izan dugu. Nire amonak entzungo balitu, seguru nago eurekin identifikatuta sentituko litzatekeela”.

Duen garrantzia aitortuz
Otxandioko bonbardaketa ez da Gernikakoa edo Durangokoa bezain ezaguna, baina gazteek maila berean kokatzen dute. “Europan zibilen kontrako lehenengo bonbardaketa izan zen. Ez genekien horrela zela. Dokumentalaren bidez horrelako kontuak Euskal Herri osora zabaltzeko aukera izatea pozgarria da guretzat. Otxandioko bonbardaketak duen garrantzia aitortzeko modua da”.

Tematika berdineko beste dokumental bat edo dokumental sorta bat egitea asko gustatuko litzaiokeela aitortu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!