Letxeria inguruan irizpide horren arabera berrantolatuko dute Ospital kaleko zati bat, eta beste bidegurutze batzuetan ere berdina egiteko asmoa dute.
Letxeria inguruan, Urigoiena eta Indusi arteko errepide zatia espaloiaren mailara igoko dute, plataforma zabal bat sortuz. Hau da, oinezkoen mailara eramango dute errepidea gune hartan. Autoen abiadura jaisteko eta oinezkoei lehentasuna emateko egingo dute. Oinezkoentzat irisgarriagoa ere bihurtuko da. Seinaleztapenen bidez gogoratuko dute oinezkoek lehentasuna dutela. Etorkizunean ekintza berdinak egin gura dituzte Samartoin, eskolarantz hartzeko bidegurutzean eta Oletara doan biribilgune inguruan.
Saneamendu lanak
Letxeria inguruan, proiektu beraren barruan, beste hainbat lan ere egingo dituzte. Esaterako, gune horretako saneamendua hobetuko dute. Horregaz batera, ondoko kalea berriz urbanizatuko dute.
Lan horiek guztiak udan eta udazkenean egingo dituzte, eta negurako amaituta egotea da helburua, 120.000 euro inguruko aurrekontuagaz.