Mikel Goikolea: “Miamira etortzeko aukerari ezin nion ihes egiten utzi”

Markel Onaindia 2017ko eka. 16a, 17:00

Argazkia: Ainara Petite

Miamin (Florida, AEB) dabil Mikel Goikolea Gonzalez de Audicana otxandiarra, hango jatetxe ospetsu bateko ardura hartuta. 21 urte baino ez zituela, hiru Michelin izar dituen Azurmendi jatetxean hasi zen lanean Eneko Atxaren aginduetara –datorren astean Atxagaz elkarrizketa argitaratuko du ANBOTOk, zabalduko duen jatetxe berriaren harira–.

Bertan, Bistró Prêt à Porter espazioko sukaldariburu ibili da. Orain, 28 urtegaz eta esperientziaren zakua ondo beteta, Miamirako jauzia egin du, beste abentura bati ekitera. Handik, telefonoz erantzun die galderei, plater eta menu berriak asmatzen dabilen sasoian.

Miamin sukaldaritzako etapa berri bat hasi duzu. Zertan zaude lanean?
Le Basque luxuzko catering  enpresan nago lanean, sukaldeko aholkularitza egiten. Platerak diseinatu, menuak osatu, lan-taldea antolatu... Gainera, bitartean, datorren urtean zabaltzeko asmoa dugun jatetxean lanean gabiltza. Ez da erraza beste herrialde batera joan eta egun batetik bestera gauzak egitea; bertako produktuak ondo ezagutu behar dira, baita bertako ohitura, kultura eta jendea ere.

Ilusioa duzu?
Egia esan, oso aukera ona suertatu zitzaidan Miamira lanera etortzeko, eta ezin nion ihes egiten utzi. Nik uste sukaldari guztion ilusioa dela jatetxe baten ardura hartzea. Ilusioz eta gogotsu nago, nahiz eta jakin ez dela erraza izango. Nire bizitzako beste etapa bat da, eta aurre egingo diot.

Le Basque jatetxearen ardura hartuta, ilusio bat beteko duzula diozu, baina erabakia hartzeak alde gaitza ere edukiko zuela suposatzen dut...
Hona etortzeko erabakia oso gogorra egin zitzaidan, ikaragarri maite ditudan Otxandio eta Euskal Herria atzean utzi behar izan nituelako. Miamira urtarrilean heldu nintzen, eta denbora zehatz baterako ez bada ere, nahiko argi daukat urte batzuk barru etxera bueltatuko naizela.

Azurmendi jatetxeko esperientzia ez du edukitzen edozeinek, eta hain gazte izanda, oraindik eta gutxiago.
Oso gazte hasi nintzen sukaldaritza munduan. 19 urtegaz irten nintzen Gamarrako (Araba) sukaldaritza eskolatik, eta Las Rejas jatetxean (Cuenca, Espainia) egin nituen lehen praktikak, Manolo de la Osa maisu nuela. Bertan gauza asko ikasi nituen. Etapa hori amaituta, urte eta erdira, Eneko Atxagaz hasi nintzen Azurmendin, 21 urte nituela. Eneko beti izan da eta beti izango da nire erreferente nagusia. Berari zor diot dakidan guztia. Berak erakutsi dit kozinatzen, diziplinatua izaten, sukalde bat zuzentzen... Horregatik, asko miresten dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!