Urmael bi pagadi bateko gune umel batean egin dituzte. Hirugarrena landa batean dago, eta hiruretan handiena da, 120 bat metro karratugaz. Gainera, azken honi geruza iragazgaitz bat gehitu diote. Oraingoz, hiru urmaelak zuloak dira. Prozesu naturalak beteko ditu urez eta jantziko ditu landarez. “Ezaugarri desberdinetako urmaelak sortu gura izan ditugu, ahalik eta espezie gehienetara heltzeko”, azaldu du proiektua gauzatzeko ardura duen Ambientalia 21-eko kide Sergio Gallegok. Aranzadi elkarteagaz elkarlanean dabiltza, eta udalaren eta Jaurlaritzaren laguntza dute.
Harrapakariengandik ezkutatzeko eta negua igarotzeko babes-guneak ere egingo dituzte, baliabide naturaleko osagaiak konbinatuz: zuhaitz enborrak, harriak, lurrak… Bat ia amaituta dago, eta beste bat egiteko asmoa dute.
Espezie batzuk ohikoagoak dira (apo arrunta, ur-igel arrunta) eta inguru hartan erraz identifikatu dituzte. Desagertzeko arriskuan daudenak urmaeletara erakartzea da erronka, apo pintatu iberiarra, esaterako.
Oro har, “biodibertsitateari laguntzen” dion proiektua dela dio Gallegok. “Habitat txikiak sortzen laguntzen dugu, eta hortik abiatuta fauna eta flora garatzen da, gero eta sistema konplexuagoak osatuz”.
Heziketarako tresna
Gune hori ingurumenarekiko kontzientziazioa lantzeko gune bihurtu gura dute. Ibilbide bat sortuko dute bertara, eta azalpen panelak gehituko dituzte. Udaren ostean irteera bat antolatu gura dute ikasleekin.