Orientazio topaketak mila ikasle inguru batuko ditu

Joseba Derteano 2017ko mai. 17a, 15:00

Otxandioko eskolak orientazio topaketen 10. aldia antolatuko du maiatzaren 22tik 28ra. Aurtengoa hamargarren aldia da, eta inoizko umerik gehien batuko du.

Guztira, bosgarren eta seigarren mailetan ikasten duten mila gazte inguru igaroko dira Otxandiotik sei egunetan. Hogeitabi ikastetxetako ikasleak etorriko dira, eta horietako hainbat eskualdekoak dira: Otxandio, Abadiño, Zaldibar eta Durangoko Landako eskoletako ikasleek parte hartuko dute topaketetan.

Urtero legez, hainbat proba prestatu dituzte egun osoan zehar. Goizetan, mapa bat hartu eta eskola atzeko basoan orientatu beharko dute ikasleek, lau ibilbidetan. Bikoteka ibiliko dira. Bazkalostean, aldiz, herrigunean zehar ibiliko dira, balizen bila. Aniztasun funtzionala duten ikasleentzat proba bereziak antolatuko
dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!