Lagun bat atxilotu dute Bilbon Otxandioko lapurretetan parte hartu duelakoan

Anboto 2017ko mar. 9a, 13:50

Ikerketa oraindik irekita dagoela azaldu du Ertzaintzak.

Iaz Otxandioko komertzio eta lokaletan izandako lapurretetan parte hartu duelakoan, Durangoko Ertzain Etxeko agenteek 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuten joan zen domekan Bilbon. Iaz, urtarriletik irailera, Otxandion egindako 13 lapurreten salaketak jaso zitutzen, prentsa ohar batean azaldu dutenez.

Ikerketa hasi zutenean, lapurretek antzerako ezaugarriak zituztela ohartu ziren eta hortik ondorioztatu zuten lapurreta denak lagun talde berdinak egindakoak izan zitezkeela. Ikerketa horren ondorioz atxilotu duten pertsonari ondasunaren kontrako delitua egozten diote.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, ikerketak oraindik irekita darrai eta lapurretetan inplikatuta egon daitezkeen beste pertsona batzuen bila dabiltza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!