Zer dauka berezia ‘Erraldoiak’ ipuinak? Irakurleari irakurketa erritmoa aldatzen dion liburua dela aipatu duzu. Zergatik?
Liburuak entziklopedia txikia izeneko atala dakar bukaeran. Atal horretara jo behar du irakurleak kontakizunaren nondik-norakoak ulertzeko. Istorioan zehar agertzen diren Betangako –horrela deitzen da erraldoien lurraldea- izaki mitologiko, animalia, leku eta bestelako informazioei buruzko azalpenak daude bertan. Beraz, irakurri eta berriro ere aurreko gunera bueltatuko da irakurlea istorioan aurrera egiteko.
Umorea eta fantasia erabiltzen dituzu istorioak lantzeko.
Umorea da kontakizun honen ezaugarririk nabarmenetako bat, noski. Fantasia, bestalde, bere-berea du ipuinak hasieratik amaieraraino irudikatzen den munduan. Izan ere, pertsonaiek, eta kontakizunaren hariak berak ere, umorea eta fantasia lantzeko aukera paregabea ematen dute. Erraldoiez ari garela, gehiegikeriak, absurdoak, guztia gehiegizkoa eta neurriz gainekoa izateak irribarrea eragiten duela uste dut.
Morenteren ilustrazioek zenbateko indarra daukate zure istorioa kontatzerako orduan?
Lan ederra egin du Enrique Morentek. Bere ilustrazio irudimentsuek ederki agertzen dute Betangako erraldoien neurriz kanpoko mundu hori. Beraz, liburuaren atal garrantzitsua osatzen dute, kolorea ematen diote, jantzia ipini.
Mikel Zarate haur literatura saria irabazi zenuen ekainean ‘Erraldoiak’ ipuinagaz. Zer suposatzen du zuretzat?
Oso pozgarria da niretzat, hainbat lanen artean, epaimahaikideek neurea begiz jo izana. Haur literaturan sari garrantzitsua da, eta beraz, ohorea da niretzat. Esker hitzak bakrrik ditut. Liburua epe laburrean irten da plazara, eta irakurleek harrera ona egin diotela ere jakin dut. Hori guztiori, opari handia da niretzat. Saririk onena irakurleek kontuan hartzea da azken finean.
Haurrek literaturan interesa daukatela ikusten duzu? Interes hau galdu egiten da denboragaz? Zer egin daiteke haur irakurleak heldu irakurle bihurtzeko?
Haur txikiek irakurtzen dutela uste dut, liburuekiko interesa badutela, alegia. Irakurtzen eta idazten ikasteaz batera, sekulako mundua zabaltzen da haur horien begietara. Haur liburuak irakurtzea da beren jakin-mina asetzeko iturri garrantzitsua. Liburuak ere zientoka dituzte plazan, gai eta era askotarikoak. Urteak joan urteak etorri, baina, zaila da jakin-min horri liburuen bidez eustea. Izan ere, beste hamaikatxo iturri izango ditu eskura orain gazte-nerabea den horrek; eta lehenengo begiratuan liburuak baino erakargarriagoak direnak, segurutik. Beraren interesgune berriei lotzen zaizkien liburu-aukerak ere urriagoak izango dira. Hor eten bat izan ohi da, liburuetatik aldentze bat. Eskolak eta, familiak, batez ere, zeresan handia dute gai honetan. Nire ustez, sakoneko azterketa bat egin beharko litzateke auzi honen inguruan.
Helduentzako poesia, haurrentzako poesia, ipuinak… hainbat generotan ibili zara. Zeinetan sentitzen zara hobeto? Zer dauka genero bakoitzak?
Genero ezberdinez ari garela, niretzat ez dago hoberik edo txarragorik, bakoitzak bere ezaugarriak ditu, bakoitzak bere ekarpena egiten dit. Barrenak, sasoiko gogoak edo beharrak agintzen didate noiz zeini heldu. Denetan sentitzen naiz eroso eta denak atsegin ditut.
Hurrengo proiekturen bat buruan? Zer ari zara momentu honetan idazten?
Berandu barik Pamielaren eskutik irtengo den Nik papaita, zuk papaita liburuaren azken orrazketa etorriko da laster. Bestalde, aspaldian idatzitako ipuin-bilduma bat berreskuratu eta txukuntzeko asmoa ere badaukat.