Hamaika abentura, une on eta txar, bizi izan ditu bere ibilbide oparoan eta zaildutako kirolaria da, baina hunkituta, ahots dardartiagaz eta negar malkoren bat gertu zuela eman dio amaiera-puntua bere ibilbide oparoari gaurko prentsaurrekoan. “Ondo hausnartutako erabakia da. Ama izan ostean [Rioko] Joko Olinpikoetara sailkatzen saiatu nintzen, baina ez zen posible izan. Horrek nire kirol ibilbidea amaitua zela pentsatzera bideratu gintuen”. Amatasuna, adina, lesioak eta Oletako baserriko lana –gaztagintza- dira erabakia hartzera eraman duten beste arrazoi batzuk. Bizi izan duenagatik “zorionekoa” dela adierazi du: “Amateurretan hasi eta profesionaletara arte nire kirola bizitzeko eta gozatzeko zortea izan dut”.
9 urtegaz hasi zen borroka librea praktikatzen eskolan: “Orduan pentsaezina zen Joko Olinpikoen ametsera heldu nintekeenik, baina posible izan da”. Luzaroan bere prestatzailea izan den Luis Crespori eskerrak eman dizkio: “Beti nire ondoan egon da eta, batez ere, beti errespetatu ditu nik hartutako erabakiak”. Crespori ez ezik “eskerrak” eman dizkie denbora honetan guztian bere ondoan egon diren guztiei: ”Eskerrik asko ni gaur naizena izaten lagundu didazuelako. Denei eskerrak erakutsi ahal izan dugu helburuak etxetik eta ez hainbeste baliabiderekin ere lortu daitezkeela”.
Bertaratutako txaloen ostean Luis Crespok hartu du hitza. BAT Basque Team-ekoen lana txalotu eta goraipatu du eta hainbat izen nabarmendu ditu. “Eta Maiderri zer esan. Nire izen-abizenak berari lotuta egongo dira betirako. Pertsona bikaina da eta kirolari bikaina izan da”.
Ostean, kazetarien galderei erantzun diete:
Ibilbide luze baten ondoren, zer nabarmenduko zenuke? Hasi zinenean espero zenuen gerora etorri den guztia?
Maider Unda: 9 urtegaz kirola joko bat zen niretzat. Nire kirola ez zen olinpikoa. Bizitzan nire ilusioa beti izan da aurrera jarraitzea buruak honaino esan didan arte. Urte asko izan dira, gorabehera asko, baina esan dezaket momentu txarrenetatik atera ditudala ikasgairik onenak: Bakardadea sentitzen duzunean eta zure buruari autokritika egiteko gai zarenean.
Nola sentitzen zara?
M.U.: Pisu bat kendu dut gainetik. Argi neukan ez nuela goi mailan jarraitu nahi eta hori jakinarazi nahi nuen.
Zerk eraman zaitu erabaki hori hartzera?
M.U.: Adina [39 urte ditu], lesioak. Alaba bat ere badut eta orain nire lehentasuna ez da borroka.
Pentsatu duzu zure jakintza etorkizuneko kirolariei irakastea?
M.U.: Argi dago goi mailako kirolari eskaini diodan dedikazioak ez zidala horretarako denborarik uzten, baina orain badago martxan jarri nahi den proiektu bat eta ikusiko dugu.
Noiz ohartu zinen onenen artean lehiatu zintezkeela? 2009an Danimarkako munduko txapelketan lortutako dominaren ostean, beharbada?
M.U.: Nire ustez 2007ko munduko txapelketan eman zen aldaketa, jokoetara sailkatzea lortu nuenean. Jokoetan aritzea beste maila baterako saltoa ematea da. Diploma olinpikoa lortu nuen. Ostean Danimarkako domina etorri zen eta, harrezkero, munduko boste onenen bueltan ibili gara eta horrek ikuspegi berri bat eskaintzen dizu.
Borroka librean lizentzia gutxi dauden herrialdean gora heltzea eta munduko potentziarik handienekin lehiatzea lortu duzu. Zure arerioek zer esaten zizuten?
M.U.: Ez diet sekula galdetu. Baina egia da kirol honetan ez historia eta ez lizentzia askorik ez duen herrialdean lortu ditudan emaitzak lortzea gatxa dena. Nahi bada eta lan egiten bada lortu daiteke. Eta hemen erakutsi dugu, etxean.
Zure ibilbideko zein unerekin geratzen zara?
M.U.: Askorekin. Batez ere egindako bideagaz geratzen naiz. Une gatxei aurre egin behar izan diegu eta erabaki zailak hartu behar izan ditugu, baina erabaki horiek izan dira arrakastara eraman gaituztenak.
Rioko Joko Olinpikoetara sailkatu izan bazina zure ibilbidea gehiago luzatuko zenuen?
M.U.: Ez dakit. Urte hasieran zuntz haustura bat izan nuen, aurretik sekula izan ez nuena. Beharbada gorputzari komeni baino gehiago eskatzen ari zarela pentsarazten dizu. Baina, tira, gauzak gertatu diren moduan gertatu dira. Edozelan ere, ez nuen espero nire ibilbidea Rio baino asko gehiago luzatzerik.
Aurretik pentsatu izan duzu beste inoiz kirol ibilbidea amaitzea? Izan da horrelako unerik?
M.U.: Ez, ez behintzat erabateko erabakirik. Izan dira une batzuk niretzako eta nire entrenamenduetarako denbora bat hartzea nahi nuenak. Madriletik itzuli nintzenean etxean entrenatzea erabaki nuen eta ordutik aurrera gauzak ondo irteten hasi zitzaizkidan. Baserriko lana eta borroka libreagaz jarraitu nuen. Baserriko kontuak apur bat atzeratu behar izan ditut borroka librean gauzak ondo joan zaizkidalako eta, ondorioz, denbora gehiago eskaini diot, baina baserriko lanak egitekoen artean nituen eta horregatik ere erabaki dut nire ibilbidea amaitzea, nire bizitzako beste alderdi horri denbora gehiago eskaintzeko.
Luis, zelakoa izan du zure hartuemana Maiderregaz?
Luis Crespo: Erabateko konplizitatea izan dugu. Maider oso eramanerraza izan da. Entrenatzaile denek eduki nahi izango luketen kirolaria da.
Etorkizunera begira badago proiekturik?
L.C.: Euskal Herrian lan handia dago egiteko. Proiektu ilusionante bat egon badago. Oraindik berde samar dago eta hedabideen zein erakundeen laguntza beharko du. Urte hauetan guztietan jaso dugun formazioa kanpaina batzuetan islatzea nahiko genuke, udaletxerik udaletxe eta ikastetxerik ikastetxe joanda. Baloreak eta kirola bera ezagutara emateko.