Hamarkada bian borroka librearen gorengo mailan aritu ostean Maider Undak erretiratzea erabaki du 39 urtegaz. Hiru hamarkada eskaini dizkio borrokari eta kirol honetan estatu mailan nagusi izan da 2001. Urtetik hona. Bere ibilbidean lortu dituen emaitzen artean azpimarragarriak dira Beijing 2008 Joko Olinpikoetako bosgarren postua eta diploma, Londres 2012 Joko Olinpikoetako brontzezko domina —kirol honetan estatu mailan erdietsitako sailkapenik onena— Tbilisin (Georgia) jokatutako Europako Txapelketan lortutako zilarra, eta 2009ko eta 2010eko Bakuko (Azerbaijan) eta Belgradeko (Serbia) Europako Txapelketetan eta 2009ko Herningeko (Danimarka) Munduko Txapelketan eskuratutako brontzeak.
Maider Basque Teamekin urte gehien daramatzan kirolarietako bat da. Bere sorreratik, 2008. urtetik, egon da fundazioari lotuta.
Eguaztenean, 11:00etan, prentsaurrekoa eskainiko du erabakiaren gaineko azalpenak emateko. Gasteizen izango da, Eusko Jaurlaritzako Lakuako prentsa aretoan. Bere ondoan izango ditu Luis Crespo Undaren kirol-prestatzailea, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua eta 'Basque Team' Fundazioko presidentea, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendaria eta 'Basque Team' Fundazioko idazkaria, eta Olatz Legarza ‘Basque Team’ Fundazioko koordinatzailea.