Athletic eta Antiguoko, gazte mailako futbol talderik onenak Otxandion ikusteko aukera

Anboto 2016ko uzt. 20a, 10:52

Gazte mailetan Euskal Herrian dauden bi talderik onenek Otxandion jokatuko dute abuztuaren 6an. Eibarregaz batera hiruko txapelketa batean parte hartuko dute Zelaieta futbol-zelaian.

Athletic Clubeko gazteak Euskadiko Ohorezko Mailako txapeldun geratu dira, hain justu, Antiguokoren aurretik. Athletic jaun eta jabe izan da ligan, eta Donostiako taldeari 11 puntuko aldea atera dio. Okerrik ezean, aurten berriz ere aurreneko posturako lehian ibiliko dira talde biak, eta Otxandioko torneoak talde bien prestakuntza zein puntutan dagoen jakiteko balioko du. Eibar taldea, berriz, bederatzigarren tokian sailkatu zen 2015/16 denboraldian. Antiguoko taldea ez da torneoa jokatzera etorriko bakarrik. Hiru eguneko egonaldia egingo dute Koikili Aterpetxean ostatu hartuta, eta hainbat entrenamendu saio egingo dituzte. Hiruko txapelketa egonaldiko azken hitzordua izango dute.

Eusport-ek antolatuko du ekimena Vulcano futbol klubaren laguntzagaz, eta sarrera doakoa da. Hiru taldeek 45 minutuko partiduak jokatuko dituzte elkarren kontra. Partiduen amaieran, badaezpada, penaltiak jaurtiko dituzte, berdinketarik balego irabazlea erabakitzeko.

Euskarari lehentasuna
Koikili Lertxundi Athletic Clubeko jokalari ohiak eta Mikel Abasolo Vulcanoko zuzendaritzako kideak torneoa girotzen jardungo dute futbol-zelaiko megafoniatik. Euskarari lehentasuna eman gura izan diote, eta azalpen gehienak euskaraz izango dira.

Torneoaren amaieran, ekimena antolatzen lagundu duten babesleek zein hiru talde partaideek emandako produktuekin (kirol materiala, kamisetak…) zozketak egingo dituzte.

Otxandio ezagutaraztea da ekimenaren helburuetako bat. Horregatik jokatuko dituzte partiduak goizez; eguerdian jokalari zein gurasoek herrigunera joateko aukera izan dezaten.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!