Otxandioko Udalak eta Gogora institutuak bidelagun izan nahi dute Urigoitiaren memoria lantzeko orduan

Anboto 2015ko ira. 29a, 11:53

Joan zen egueneko udalbatzarrean iragarri zuten aste honetan Lehendakaritzan izan duten batzarra.

Udaleko ordezkariek eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok batzarra izan zuten atzo Lehendakaritzan.

Urtzi Armendariz alkatea (EH Bildu) eta Beñat Gorospe zinegotzia (EAJ) izan ziren udaleko ordezkariak. Biktimen memoriaren testuinguruan, Lutxi Urigoitiaren kasua izan zuten berbagai. Lehen kontaktu bat izan zen eta ez zen konpromisorik adostu, baina gaiaren ikuspegi orokorrean bat etorri ziren. “Elkar ulertu dugu”, adierazi du Armendariz alkateak eta positiboki baloratu du atzoko batzarra: “Alde biok ikusi dugu biktimen memoria jasotzeko obligazio moral bat dugula eta elkarrekin landu genezakeen gai bat dela”. Oro har, "gai hori elkarrekin planteatzea da adostu duguna”.

Aurrera begira, udalak Urigoitia oroitzeko proposamen bat egingo du eta “hurrengo asteetan eurekin formaturik egokiena zein izan daitekeen ikusten joango gara”.

Euskal Herrian azken urteetan izan diren eskubide urraketen aurrean gogoeta egin eta guztiak gogora ekartzea. Helburu hori du Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak. Aurtengo ekainean sortu zuten Eusko Jaurlaritzaren ekimenez. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria da institutuaren presidentea, eta Aintzane Ezenarro zuzendaria.

Andikonako Foroaren batzarra

Lutxi Urigoitia oroitzeko proposamena ahalik eragile gehienen elkarlanagaz osatu gura du udalak: “Hau ondo egin gura badugu, ezin du udalak bakarrik egin”. Horrela, barikuan, 19:00etan, Andikonako Foroa deitu dute: “Azken batean elkarbizitzari buruz ari gara eta Lutxiren kasu konkretua testuinguru zabalago batetik dator. Andikonako Foroa elkabizitza eta zein gatazka politikoek eragindako min eta ondorioen gainean berba egiteko gune aproposa dela uste dugu”, dio Armendarizek. Esaterako, iaz Andikonako Foroak antolatu zituen biktimen memoriaren inguruan Otxandion antolatu ziren jardunaldiak.

Lutxi Urigoitiaren senitartekoekin ere batuko da udala.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!