Udalak batzarra eskatu dio Eusko Jaurlaritzari eta honek eskaerari baietza esan dio. Astelehenean, 12:00etan, batzartuko dira Lehendarikatzan. Otxandioko Udaletik udalbatzarra osatzen duten alderdi bietako zinegotzi bana joango da: Urtzi Armendariz alkatea (EH Bildu) eta Beñat Gorospe (EAJ). Luzia Urigoitia oroitzegatik Guardia Zibilak lau lagun atxilotu zituen joan zen astean eta etorkizunean horrelakorik berriro gertatu ez dadin bideak bilatzea dute helburu. Joan zen martitzenean udalbatzarrak aho batez onartu zuen atxilotuei elkartasuna erakusten zien mozioa.
Andikonako Foroa
Andikonako Foroa deitzea ere proposatu zuen Urtzi Armendariz alkateak atzoko udalbatzarrean. Andikonako Foroa, besteak beste, Otxandioko udalbatzarra osatu izan duten askotariko sentsibilitateetako zinegotzi ohiek osatzen dute, eta elkarbizitzaren bidean pausuak ematen laguntzea du helburu. Foro horren iritzi eta proposamenak ere jaso gura ditu udalak.
Hirugarren pausu bat Luzia Urigoitiaren senitartekoekin hartueman ofizialak egitea izango da, euren ikuspuntua ere jasotzeko.
Irail hasieran motibazio politikoek eragindako biktimen eta euren memoriaren gaineko topaketa bat egin zuten Bilbon, eta Iñigo Urkullu lehendakaria 128 alkaterekin batu zen. Urtzi Armendariz alkatea ere joan zen, hain zuzen, Luzia Urigoitia biktima moduan jasota dagoelako.